Kanpoaldeko isolamendu termikoko sistemen gaineko jardunaldi teknikoa egingo da ostiralean Debegesan, Eibarren

Actualizado: miércoles, 2 marzo 2011 13:27

DONOSTIA, 2 Mar. (EUROPA PRESS) -

Debegesa Debabarreneko Hiri Berrikuntzarako Elkarteak "Kanpoaldeko isolamendu termikoko sistemak" deritzon jardunaldi teknikoa antolatu du ostiral honetarako. Jardunaldia gremioei eta etxebizitzen birgaitze lanetan diharduten eskualdeko profesionalei zuzenduta dago. Helburua eraikita dauden etxebizitza-eraikinetako fatxadak berritzeko lanetan isolamendu termikoaren erabilera sustatzea da.

Antolatzaileek adierazi dutenez, hizlariak Eduardo Cainzos ANFAPA Mortero Industrialen Fabrikatzaileen Espainiako Elkarteko produktuen arduraduna eta Luis de Velasco Energiaren Euskal Erakundeko (EEE) Industria Unitateko proiektu-burua izango dira.

Lehenengoak kanpoaldeko isolamendu termikoko sistemak izango ditu hizpide: abantaila teknikoak, osagaiak, erabilera eta fatxadaren elementu berezietarako konponbideak. Bertaratutakoei ANFAPAk argitaraturiko monografia bat banatuko zaie.

Velascok, bestalde, isolamendu termikoaren bidez eraikinetako eraginkortasun energetikoa hobetzeko diru-laguntzen berri emango du, bai eta bestelako diru-laguntzen gaineko informazioa ere, etxebizitzen birgaitzearekin zerikusia dutenak.

Jardunaldia Debegesaren egoitzan burutuko da, Eibarko (Gipuzkoa) Azitain industrialdean, goizeko 10:00etatik eguerdiko 12:00etara, eta parte-hartzea doakoa da. Ekimena "Valora" programaren baitan dago eta Europako Gizarte Funtsak %50 finantzatzen du, Euskadiko 2007-2013 programa operatiboaren bitartez.

Jardunaldietan parte hartzeko interesa dutenek, izena eman dezakete www.viernesdebegesa.com webgunean, edo bestela, Debegesarekin harremanetan jarri daitezke 943 82 01 10 telefonora deituz edota pymes@debegesa.com helbidera idatziz.