Karlos Linazasorok irabazi du Xabier Lete euskarazko poesia saria

Bi sarien irabazleen berri eman dute Donostian
Foto: Gipuzkoako Foru Aldundia
Actualizado: miércoles, 1 febrero 2012 15:18

DONOSTIA, 1 (EUROPA PRESS)

   Karlos Linazasoro eta Miguel Sanchez Robles dira Xabier Lete eta Gabriel Celaya poesia sarien irabazleak, hurrenez hurren. Gipuzkoako Foru Aldundiak sortutako sarien lehenengo ekitaldia izan da aurtengoa.

   Gipuzkoako Foru Aldundiak, XX. mendeko poeta erreferente izan ziren Gabriel Celayaren (Hernani 1911 - Madril 1991) eta Xabier Leteren (Oiartzun 1944 - Donostia 2010) oroitzapena denboran mantentzeko helburuarekin, nazioarteko bi poesia sari eratu zituen iaz bien izenekin, lehenaren jaiotzako mendeurrenarekin bat eginaz eta Leteren heriotza hain gertu dugun honetan.

   Lehen ekitaldiko epaia ezagutu da gaur, otsailaren 1ean, Donostian, eta ekitaldian izan dira Ikerne Badiola Gipuzkoako Kultura, Gazteria eta Kirol diputatua, Garazi Lopez de Etxezarreta Kulturako foru zuzendaria, Joxe Angel Irigaray eta Felix Maraña Xabier Lete eta Gabriel Zelaia sariko epaimahaikideak, hurrenez hurren, eta Karlos Linazasoro Xabier Lete sariko irabazlea.

   Bi sariak, 10.000 eurorekin, egiaztagiri moduko elementu artistiko batekin- Xabier Leteren kasuan Jose Ramon Andaren lan bat eta Celayaren kasuan Leopoldo Ferranen obra bat- eta saritutako lanaren argitarapenarekin hornituta daude.

   Nazioarteko Gabriel Celaya Poesia Sarirako deialdia martxoaren 18an egin zen eta Nazioarteko Xabier Lete Poesia Sariarena apirilaren 5ean, bi poetan jaiotze datarekin bat eginez. Bi kasuetan, jatorrizko lanak aurkezteko epea 2011eko irailaren 10ean itxi zen. Gipuzkoako Aldundiak bi bilduma esklusibo sortuko ditu, sari hauetako irabazleen lanak biltzeko.

   Xabier Lete sariko epaimahaia Igor Estankonak, Joserra Garziak, Tere Irastortzak, Jose Angel Irigarayk eta Lourdes Otaegik osatu dute. 22 lan aurkeztu ziren eta irabazlea Karlos Linazasoro Izagirre da, "Ezer gehiago behar gabe" lanarekin.

   Euskal Filologian lizentziaduna da eta Tolosako udal liburutegiko liburuzain bezala egiten du lan Linazasorok. Haurrentzako, gazteentzako zein helduentzako liburuak idatzi ditu. Azken atal honetan, ipuinak, nobelak, poesia, antzerkia eta aforismoak daude. 'El Diario Vasco' egunkariko kolaboratzailea da, asteroko zutabe batekin.

   Epaimahaiak aurkeztutako lanen kopurua eta berauen kalitatea azpimarratu ditu, horietatik dozena bat nabarmenduz. Lan irabazlearen inguruan, epaimahaiak esan du poema-liburu "eder eta handia" dela, ideietan, metaforetan eta adierazteko moduetan aurkikuntza poetiko asko dituena. Bere ahots lirikoa adierazteko modu laburrean, gaien kontzentrazioan, hautematearen gelditasunean eta hausnarketaren sakontasunean bereizten da.

   Halaber, sentimenduak eta natura elkartzeko dotoretasuna eta amodioari zein galdutako paradisuei kantatzerakoan dagoen autoironia azpimarratu ditu. Errepikatzeek eta gai berera itzultzeak poema-bildumaren indarra areagotzen dute. Obra irabazlean poesia klasikoaren ezaugarri guztiak biltzen direla dio epaimahaiak, nahiz eta, dena den, "sentsazioen adierazpenetik sortu diren irudiak eta hausnarketak surrealismoaren askatasunaren atzetik dabiltzan".

SANCHEZ ROBLES

   Bestalde, Nazioarteko I. Gabriel Celaya sariko epaimahaian Carlos Aurtenetxe, Felix Maraña, Jose Maria Parreño eta Elena Roman egon dira, eta aurkeztu diren 27 lanen artean, Miguel Sanchez Roblesen "Treinta maneras de mirar la lluvia" aukeratu dute irabazle.

   Miguel Sanchez Robles, 1957an Murtziako (Espainia) Caravaca de la Cruzen jaioa, Geografia eta Historiako katedraduna da. Bere poesia ibilbidea lehen mailako sari eta aintzatespen literario ugariz goraipatua dago. Beste hainbaten artean, "Miguel Hernández", "Leonor", "Esquío", "Bienal de León", "Barcarola", "Ciudad de Irún", "Ciudad de Zaragoza", "Julio Tovar" eta "Rafael Morales" poesia sariak irabazi ditu.

   Narratiban, "Alberto Lista", "Camilo José Cela", "Julio Cortázar", "Fernández Lema" eta "Ignacio Aldecoa" sarien jabe da eta nobelan "Fray Luis de León" saria lortu du "La tristeza del barro" lanagatik. "Ateneo de Valladolid" eta "Torrente Ballester" sariketetan finalista izan da.