Karmele Rotaetxe omendu du Euskaltzaindiak Bilbon egindako ageriko bilkuran

Karmele Rotaetxe omendu dute
Foto: EUSKALTZAINDIA
Actualizado: viernes, 31 enero 2014 14:39

BILBO, 31 (EUROPA PRESS)

   Euskaltzaindiak ageriko bilkura egin du gaur Bilbon, egoitzan, Karmele Rotaetxe zenaren omenezko hilberri txostena irakurtzeko. Xabier Altzibar euskaltzain urgazlea izan da ohorezko euskaltzain izan zenaren hilberri txostena irakurtzeko arduraduna, eta ondoren, Andres Urrutia euskaltzainburuaren hitzekin bukatu da ekitaldia. Altzibarren iritziz, Karmele Rotaetxe "gure hizkuntzaren ordezkari nabarmenetariko bat izan da kanpoko ikerketa foroetan, 30 bat urtez".

   Rotaetxe Bilbon jaio zen, 1932ko urtarrilaren 17an. Espainiako Gerraren ondorioz, familia Frantziara erbesteratu zen, eta han eman zuen haurtzaro eta gaztaroaren parte bat. Aurreneko ikasketak han egin zituen, eta inoiz ez zion ikasteari utzi. Batxiler ikasketak amaitu, unibertsitatera joateko dirurik ez, eta lanean hasi behar izan zuen. Azkenean, 30 urte zituela, 1962an Deustuko Unibertsitatean hasi zen Frantses Filologia ikasten eta frantsesa irakasten.

   Tesina Simon de Beauvoirri buruz egin zuen, eta hautuak Rotaetxeren nortasunaz zertxobait azaltzen du. Izan ere, Xabier Altzibarrek azaldu bezala, Aita Coloma jesuitari buruzko tesina egiteko proposatu zioten, berak ezetz esan eta "Simon de Beauvoir, nobelagile" izeneko lana burutu zuen.

   "Simone de Beauvoir aukeratzea ez zen batere ohikoa garai haietan, ohikoa ez zen legez emakume batek unibertsitatean ikastea: bost-sei baino ez ziren izango ikasle emakumeak Deustuko Unibertsitatean. Karmelerena izan zen lehenengo tesina Frantses Filologian, eta bikain kalifikazioa jaso zuen. Bere erabaki ausartarekin Karmelek unibertsitatea aurrerabidean jarri zuen eta erakutsi emakumea ez dela 'bigarren sexua'", azaldu du Altzibarrek.

   Bere hitzetan, "euskarak eta irakaskuntzak aldatu zuten Karmeleren bizitza". Gurasoak ez ziren euskaldunak, eta Rotaetxe "euskaldundu zen buruz eta bihotzez; harrezkero euskararen irakaskuntza eta ikerkuntzan eman du bizitza osoa, horretan langile nekaezina izan da hil arte". Patxi Altunarekin batera, euskara irakasten hasi zen Deustuko Unibertsitatean, "euskarazko lehen eskolak" izan zirelarik.

   "Irakaskuntza, berriz, euskal kulturarekin lotu zuen. Euskal kultura ekintzen zalea eta ekintzailea zen", Xabier Altzibarrek adierazi duenez. "Karmelek ez zuen huts egiten euskal kultura ekitaldietara, eta orduan bezala, 30 urte geroago ere ez", gaineratu du.

   1977an, "Estudio estructural del euskera de Ondarroa" izeneko tesiari esker -Koldo Mitxelenak zuzendua- lortu zuen Doktoretza, Salamancako Unibertsitatean. Urte horretatik aurrera, euskara klaseak ematen hasi zen, Bilboko Unibertsitate Autonomoan. Gero, Leioako Kazetaritza Fakultatean lan egin zuen, euskara eskoletako koordinatzaile moduan.

   1979an, Gasteizko Filologia, Geografia eta Historia Fakultatea martxan jarri zen eta bertan jardun zuen Rotaetxek. 1987an, Hizkuntzalaritza Orokorreko katedra eskuratu zuen. Gasteizko Filologia Fakultatean ia 20 urtean irakasle izan zen, eta 2001etik, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle emeritua zen.

IKERTZAILEA BATEZ ERE

   Xabier Altzibarrek nabarmendu du Karmele Rotaetxe ikertzailea izan zela batez ere. Ikertu zituen gai nagusiak euskal hizkuntzalaritza, tipologia eta soziolinguistika arlokoak dira, "eta gai horietan jardun du etengabe 30 urtez".

   Tesi zenbaiten zuzendari, nazioarteko hizkuntzalari elkarte, biltzar eta proiektuetan partaide, Eusko Ikaskuntzako kide eta europar proiektu zenbaitetan partaide izan zen.

   Ohorezko euskaltzaina izan zen, eta Euskaltzaindian egindako lan batzuk gogora ekarri ditu Xabier Altzibar: Euskaltzaindian Euskalariekin Harremanak delako batzordean kontseilari izan zen (1981-1983), Dialektologia batordeko kide (1981-1989), Euskalkien Ikerketa azpibatzordekoa (1989-1995) eta Sustapen batzordeko aholkularia azken sei urteetan (2007-2013). Bereziki Gramatika batzordeko kidea izan zen 28 urtez (1981-2009). Gramatika batzordean seui liburuki lantzen eta argitaratzen parte hartu zuen.

   Hala, bada, "emakume azarri eta behargina izan da, kultura ekintzailea eta irakaskuntzan bidegilea, eta euskararen azterketari maila zientifikoa eta ikuspegi kritikoa ematen ahalegindu izan da beti", Altzibarrek esan duenez.