Katixa Agirre da Augustin Zubikarai sariaren irabazlea

Actualizado: viernes, 21 octubre 2016 13:57

BILBO, 21 (EUROPA PRESS)

Katixa Agirre idazle gasteiztarraren "Amek ez dute idazten" nobela proiektuak irabazi du Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten Augustin Zubikarai saria. Guztira 17 lan aurkeztu dira bertara, eta horien artean Agirreren proposamena aukeratu du Leire Bilbaok, Xabier Mendigurenek eta Ana Urkizak osaturiko epaimahaiak. Saria urriaren 27an emango zaio, Ondarroan (Bizkai), Literatur Amuak jardunaldien barruan.

Sariaren antoolatzaileek azaldu dutenez, "Amek ez dute idazten" proiektuak amatasunaren eta arte sorkuntzaren arteko harremanaz egin nahi du gogoeta, detektibe hari baten bidez: emakume gazte batek bere haur txikia hiltzen du, ageriko arrazoirik gabe, eta kasu horrek jakin-mina eta obsesioa sortzen dio protagonistari: idazlea da bera, eta ama ere bai; emakume hiltzailea noizbait ezagutu zuela ohartzen da, eta horretaz idaztea erabakitzen du.

Katixa Agirre Gasteizen jaio zen 1981ean. Ikus-entzunezkoetan doktorea eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) irakaslea da. Haur literaturako zenbait liburuz gain, helduentzat "Sua falta zaigu" (2007) eta "Habitat" (2009) ipuin liburuak eta "Atertu arte itxaron" eleberria (2015) idatzi ditu.

Augustun Zubikarai saria bederatzi urtez nobela laburrentzako lehiaketa izan zen, baina 2010ean formatuz aldatu eta nobelak sortzeko beka bihurtu zen. Ordutik, hauexek izan dira sariaren irabazleak eta argitaratu dituzten lanak: Joxean Agirre, "Zwei Frauen (Bi emakume)"; Itxaso Araque, "Damutzen ez direnak"; Garbiñe Ubeda, "Hobe isilik"; Garazi Kamio, "Orube abandonatuak"; Jasone Osoro, "12etan bermuta"; Miren Gorrotxategi, "33 ezkil".