Katixa Agirrek irabazi du XXXII. Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketa

Actualizado: miércoles, 25 noviembre 2015 14:30

BILBO, 25 (EUROPA PRESS)

   Katixa Agirre idazle gasteiztarrak lortu du Bilboko Udaleko Kultura Sailak deitutako XXXII. Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketako sari nagusia euskarazko kategorian, "Hesperia, California" kontakizunarekin, eta 3.500 euroko saria eskuratu du horrela. Gainera, Aritz Gorrotxategik eta Urt Zubiaurrek accesit bana lortu dute, "Guztiok anaiak gara" eta "Araotz" lanengatik, hurrenez hurren, eta bakoitzak 1.750 euro jasoko ditu.

   Sari banaketa ekitaldia asteazken honetan izan da, Bilboko udaletxean, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea buru zela. Epaimahaiko zenbait kide eta edizio honetan saria lortu duten batzuek ere bertan izan dira.

   Fernando Morillo, Ana Urkiza eta Arantxa Urretabizkaia idazleek osatutako epaimahaiak euskarazko kategorian aurkeztu den lan kopuruaren hazkundea azpimarratu du: 63. Izan ere, iazko edizioan 39 aurkeztu ziren, eta horrela, %61eko hazkundea izan da.

   Epaimahaiaren iritziz, Katixa Agirreren "Hesperia, California" kontakizuna da edizio honetan aurkeztu diren 63 kontakizunen arteko hoberena. Epaimahaiak "tonu bikaina" eta "freskotasuna" azpimarratu ditu, elkarrizketetan batez ere, bai eta "amaiera bat ere itxia ez izatea" ere, "egileak ateak zabalik uzten dizkiolako irakurlearen irudimenari".

   Katixa Agirre 1981ean Gasteizen jaio zen. Ikus-entzunezko Komunikazioan doktore eta irakasle da Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU). 2007an argitaratu zuen bere lehenengo ipuin liburua, "Sua falta zaigu", eta haren ondoren "Habitat" etorri zen, Igartza Bekarekin izandako lankidetzaren ondorioz, 2009an. Aurtengo martxoan bere lehenengo eleberria argitaratu du, "Atertu arte itxaron".

   Bestalde, gaztelaniaz idatzitako ipuinen kategorian, saria Berlinen bizi den Elena Alonso bilbotarrak irabazi du, "Misericordia" kontakizunarengatik. Horrez gain, Elena Alonsok berak accesit bat lortu du "Gente tan afín" ipuinarengatik; beste accesita Paula Zumalakarregiren "Los Larguiruchos" larentzat izan da.