Gipuzkoa, Nafarroa, Aragoi eta Pirinio Atlantikoak, elkarlanean kirol arloan

Kirol arloko akordioa sinatu duten lau erakundeetako ordezkariak
GIPUZKOAKO ALDUNDIA
Actualizado: lunes, 6 febrero 2017 13:23

DONOSTIA, 6 (EUROPA PRESS)

Gipuzkoako Aldundiak, Nafarroako eta Aragoiko gobernuek eta Pirinio Atlantikoetako Departamentuak kirol arloko mugaz gaindiko lankidetza akordioa izenpetu dute astelehen honetan Zaragozan. Hitzarmenaren xedea kirolaren mugaz gaindiko dinamika bat egituratzea da, kirol trukeak bultzatzeko eta lankidetzarako ekimen edo proiektuak lagundu edo garatzeko.

Sinadura ekitaldian izan dira Goizane Alvarez Gipuzkoako Aldundiko Kirol zuzendaria, Maria Teresa Perez Esteban Aragoiko Gobernuko Hezkuntza, Kultura eta Kirol sailburua, Ana Herrera Nafarroko Gobernuko Kultura, Kirol eta Gazteria sailburua eta Fabienne Costedoat Pirinio Atlantikoetako Departamentuko Kirol kintseilari delegatua.

Hain zuzen, akordioaren bitartez, mugaz gaindiko lankidetza garatuko da mugaren bi aldeetako kirol federazio eta klub elkartuen artean, kolaborazio teknikoak edo lehiaketa mailakoak bultzatzeko banakako kirolen, kirol kolektiboen edo naturako kirolen kasuan.

Halaber, lankidetza programak edota gazte trukeak bultzatu edo ahalbidetuko dira, bai talentu gazteen kasuan bai eskola inguruneko kirol sekzioen esparruan. Proiektu bateratuak garatuko dira kirol, kirol osasunaren, kirol berrikuntzaren, kirol eta enpleguaren balioak txertaturik, kirol arloko europar gomendioen bidetik, interes sektore horiei lotutako europar sareetan txertatzea zein sektore horiek garatzeko europar bitarteko eta laguntzak erakartzea bilatuz.

Gainera, koordinazioa eta elkarlana bultzatuko dira kirol ekitaldien, komunikazioen edo kirol instalazioen erabileraren esparruan, eta gogoeta komuna abiaraziko da animazio eta kirol enpleguaren eta hirigintza.

Horretarako guztirako, mugaz gaindiko kirolaren batzorde tekniko bat eratuko da, lankidetza modu orokorrean ahalbidetzeko. Horrekin batera, ordezkari guztiek osatutako kirolaren batzorde instituzional bat eratuko da.

Erakunde sinatzaileen arabera, aurrera egin eta lankidetzan sakondu behar da, bai elkartruke harremanak jorratuz bai proiektu komunak abian jarriz, "horiek guztiak elkarrekin garatzeko zein mugaz gaindiko lurralde honen ekonomia, gizarte eta lurralde aldetiko kohesioa hobetzeko".