Kirol Etxeak Bizkaiko 43 federazioak bilduko ditu

Bilbao Kirol Etxean izan da
Foto: BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Actualizado: miércoles, 8 febrero 2012 14:39

BILBO, 8 (EUROPA PRESS)

   Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldu nagusia Kirol Etxea Bizkaiko kirol federazioen egoitza berria bisitatzen egon da gaur, Bilbon. Bizkaia Frontoiaren eraikinean dago, Miribillan, eta sei solairu ditu, bakoitza kolore batekoa. Guztira, 43 federazio biltzen ditu, eta horietatik 27k erabilera esklusiboko lokala dute, eta beste 16k denentzako bulegoak.

   Bizkaiko kirol federazioak azpiegitura horretara eramanda, Bizkaiko Foru Aldundiak kirol munduari eginiko "promes sendoenetako bat" bete du, hots, Bilbori esku pilotarako frontoi bat, trinket bat eta egoitza bat eskaintzea. "Kirol Etxea da Bizkaiko 80.000 kirolari federatuen egoitza bakarra", adierazi du bere bisitan Bilbaok.

   Ahaldun nagusiak Kirol Etxeaz hitz egiterakoan gaineratu du eraikin honi esker Bizkaiko kirol federazio guztiak espazio fisiko berean batuta egongo direla. Bilbaok azpimarratu duenez, egoitza hau "egindako ahaleginei ateratako etekinaren, esperientziak konpartitzearen eta batuta egotearen emaitza da, denok noranzko berean arraun egitea emaitza, alegia".

   Horrela, frontoia, trinketa eta federazioen egoitza bateratzeko, Estudio de Arquitectura y Urbanismo Javier Gastón Ortiz y Marcelo Ruiz Pardo estudioak egindako proiektua jarraitu da. Modernitatea eta tradizioa uztartu ditu proiektuak eta, ondorioz, arbel beltzezko harrizko bolumen trinko batean gauzatu da. Aurrekontua 24.461.971 euro izan da, eta obran 120 enpresetako 876 pertsona egon dira lanean; enpresa horietatik 72 Bizkaikoak izan dira.

   Leku banaketa federazio bakoitzak daukan lizentzia kopuruaren arabera egin da. Gaur egun, 80.000 federatu inguru daude Bizkaian. Aipatutako guneez gain, bilera-gelak eta federazio guztiek erabili ahal dituzten hainbat gune ditu Kirol Etxeak, ASFEDEBIk kudeatuta: esaterako, erabilera anitzeko aretoa, biltegia, bost bilera-gela eta lau ikasgela ditu. Gainera, trigenerazio-planta bat egin da eraikinean; planta horretan, batera sortzen dira beroa, hotza eta elektrizitatea, gas naturalaren errekuntzatik abiatuta.