Kirolean eta teknologia berrietan euskararen erabilera sustatzeko Euskal Coaching ekimena berriz abian Bilbon

Bilboko Udaleko ordezkariak eta parte hartuko duten kirolari batzuk
BILBOKO UDALA
Actualizado: martes, 21 marzo 2017 14:26

BILBO, 21 (EUROPA PRESS)

Bilboko Udalaren Euskara eta Hezkuntza Sailak Euskal Coaching proiektua abiarazi du aurten ere, Koikili Lertxundi futbolari ohiaren eskutik, eta Bizkaiko Ikasleen Gurasoen Elkartearen (BIGE), RETAbet Bilbao Basket taldearen, Asegarce eta Aspe enpresen, Galdakaoko Ibaizabal saskibaloi taldearen, Santurtziko Arraun Elkartearen, Bera Saskibaloia taldearen eta Zuazo Saskibaloia taldearen laguntzarekin. Ekimenean "Euskara Tek" izeneko tailerrak eta hitzaldiak egingo dira, euskararen erabilera sustatzeko gazteenen kirolean eta teknologia berrietan.

Egitasmoaren aurkezpenean azaldu dutenez, Bilboko ikastetxeetan egingo diren "Euskara Tek" tailerrak Koikili Lertxundi Athleticeko jokalari ohiak zuzendutako EuSport enpresak emango ditu. Bera arduratuko da teknologia berriak, kirola eta euskara parte hartzaile izango diren ikasleengana hurbiltzeaz, betiere modu integratuan.

Ekimen honekin, Bilboko Udalak euskararen erabilera sendotu nahi du ikastetxeetan, ez bakarrik irakaskuntzaren eremuan, baizik eta baita ikasleentzat garrantzi handikoak diren beste arlo batzuetan ere, esaterako, kirolean eta teknologia berrietan. Bilboko Udalaren Euskara Sailaren helbururik behinenetakoen barruan sartzen dira tailerrok: umeek euskaraz elkarri eragiteko, komunikatzeko, ikasteko eta ondo pasatzeko espazioak sortzea.

Zehazki, 15 tailer egingo dira 8 eta 12 urte bitarteko gaztetxoentzat. Tailer bakoitzean 50 gazterentzako lekua dago eta Bilboko zenbait ikastetxetan egingo dira. Gainera, bost hitzaldi emango dira 10 eta 18 urte bitarteko kirolari gazteentzat. Ordubeteko saioak izango dira, udal zentroetan eta kirol instalazioetan.

Horrela, Bilboko gazteentzat erreferentzia diren puntako kirolariak izango dira tailerrak eta hitzaldiak emango dituztenak: Igor Anton eta Amets Txurruka txirrindulariak; Iraia Iturregi, Aitziber Juaristi, Koikili Lertxundi, Ainhoa Tirapu eta Amaia Olabarrieta futbolariak; Matxalen Ziarsolo eta Ainhoa Azaola eskubaloi jokalariak; Borja Mendia, Ainara Ramasco eta Asier Garcia saskibaloi jokalariak; Mikel Urrutikoetxea, Iratxe Benito, Danel Elezkano eta Ibai Zabala pilotariak; Aitzol Atutxa aizkolaria; Leticia Canales surfista; Rakel Mateos triatleta; Txomin Arana motor gidaria eta Iker Zabala arraunlaria. Programaren laugarren edizioa da eta orain arte izan duen harrera ona izango duela espero da.

2016KO BALANTZEA

Halaber, aurtengo edizioaren aurkezpenean 2016ko Euskal Coaching programaren balantzea ere egin dute, eta "harrera bikaina" izan zuela nabarmendu dute. 15 tailer izan ziren Bilboko zenbait ikastetxetan eta bost hitzaldi eman ziren udal zentro eta kirol instalazioetan. Guztira, 1.200 gazte bertaratu ziren.

Saio horietan kirolari profesionalak izan ziren: Iraia Iturregi, Aitziber Juaristi, Koikili Lertxundi, Ainhoa Tirapu, Amaia Olabarrieta eta Sabin Merino futbolariak; Ibai Zabala eta Borja Mendia pilotariak; Maider Unda borrokalaria; Leticia Canales surflaria; Aitzol Atutxa aizkolaria; Matxalen Ziarsolo eta Ainhoa Azaola eskubaloiko jokalariak eta Borja Mendia eta Ainara Ramasco saskibaloiko jokalariak. Horietako asko beste urte batzuetan egon dira eta aurten ere izango dira Euskal Coaching programako tailerretan eta hitzaldietan.

Tailerrak Bilboko ikastetxeetan izan ziren: Zorroza BHI, Karmelo Ikastola, Ibarrekolanda BHI, El Ave Maria ikastetxea, Artxandape Ikastola, Kirikiño Ikastola, Begoñazpi Ikastola, Jesus Maria ikastetxea, Rekaldeberri BHI, Miguel de Unamuno BHI, Fátima ikastetxea eta San Adrian BHI.

Tailerrak ordu bikoak izan ziren. Ikasleek testuen ulermena, idazketa eta irakurketa publikoa landu zituzten, eta informazioa laburtzeko gaitasuna landu zuten jardunaldietan ikusitako gaien laburpenak egiteko. Hori guztia talde lanean egin zen, pertsona guztiek parte hartzeko aukera izan zezaten.