Klima aldaketa eta itsasertzari buruzko Mugaz gaindiko I. Biltzarra Irungo Ficoban egingo da 2015eko martxoan

Actualizado: viernes, 19 diciembre 2014 14:02

DONOSTIA, 19 Dic. (EUROPA PRESS) -

Uhinak Klima aldaketa eta itsasertzari buruzko Mugaz gaindiko I. Biltzarra Irungo (Gipuzkoa) Ficoba erakustazokan egingo da 2015eko martxoaren 10ean eta 11n, "Ekiteko mugitzen gara" lelopean. Helburua da gure kostaldean, Euskadikoan eta Akitaniakoan, datozen urteetan klima aldaketak sor litzakeen ondorioen aurrean prestatzeko jarduketak planteamendu aktibo batetik lantzea.

Ficobako iturriek jakinarazi dutenez, klima aldaketaren eta horrek kostaldean izango dituen ondorioen gaia ekitaldi bakar batean landuko duen biltzar bakarra izango da Uhinak, eta, ikuspegi horretatik, helburu nagusietako bat izango da itsasertza defendatzeko eta babesteko beharrezko diren neurriak hartzeko jardunbideak eta irtenbideak ezagutzea, klima aldaketaren ondorioei aurre egite aldera, eta esperientziak eta jardunbide egokiak partekatzea. Topaketaren beste xedeetako bat da sinergiak eta lankidetza dinamikak sortzea itsasertzaren kudeaketan eta mantentzean, eta hori mugaz gaindiko ikuspegitik egitea.

Enpresa ikuspegiak ere izango du lekua Uhinak biltzarrean, "klima aldaketa eta horrek ekartzen dituen eraldaketak gertatzen ari direla eta gure itsasertzeetan ondorioak minimizatzeko jardunbideak bultzatzea eskatzen duela ulertzen delako".

Mezuak jende espezializatuari nahiz jende orori helarazteko sortu da Uhinak. Horregatik, administrazio publikoko ordezkariak, zientzialariak, nazioarteko adituak eta sektoreko enpresak bilduko dira, beharrezko diren esku hartzeei buruz eztabaidatzeko. Halaber, herritarrengana ere iritsi nahi da, beren iritzia jasotzeko eta datozen aldaketen aurrean gure itsasertzak prestatze aldera administrazio publikoek dagoeneko abian jarri dituzten jarduketak ezagutzera emateko.

Uhinak gogoeta bateratu baten fruitua da, eta gogoeta horretan parte hartu dute Ficobak, AZTI Itsas eta Elikadura Berrikuntzako Zentro Teknologikoak eta Groupe d'intérêt Scientifique Littoral Basque erakundeak. Biltzarraren babesleak, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Pirinio Atlantikoko Kontseilu Nagusia eta Akitaniako Eskualde Kontseilua dira.