Klusterren arteko lankidetza-programa bat jarri du martxan Eusko Jaurlaritzak

Actualizado: martes, 27 septiembre 2011 13:53

BILBO, 27 Sep. (EUROPA PRESS) -

Urtearen hasieratik martxan dagoen klusterren arteko lankidetza-programa bat sortu du Eusko Jaurlaritzak, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 11 kluster-sektoreen eta bederatzi aurreklusterren partaidetzarekin.

Barakaldoko (Bizkaia) BECen egiten ari den Gailur Industrial eta Teknologikoaren inguruan Siderex Euskadiko Siderurgiaren Aurreklusterrak antolaturiko lan-jardunaldian, Eusko Jaurlaritzako Kabinete, Plangintza eta Estrategiako sailburuorde Pedro Gomez Danboreneak aurreratu duenez, azken helburua sektore desberdinetako enpresen arteko lankidetza-proiektuak sortzea da.

Gomez Danboreneak adierazi duenez, "kluster baten benetako zeregina enpresen lehiakortasuna lankidetzaren bidez hobetzea da, lehiakideen arteko lankidetzak enpresa indibidual bakoitzean hobekuntza eragiten baitu".

Intereseko arloetan lan egiten duten enpresen elkarteak dira klusterrak eta aurreklusterrak, hala nola nazioarteko bihurtzea eta ekonomia irekia, berrikuntza teknologikoa, berrikuntza kudeaketan, garapen iraunkorra, sektorearen estrategia espezifikoa, intereseko beste arlo batzuekin batera.

Siderex da klusterren egituraren adibide argia, iaz 5.220 milioi euro inguru fakturatu baitzituen eta 14.200 pertsona ingururi eman baitzien lana. Aurreklusterrak, bere bost azpisektoreak kontuan izanda (produzitzaileak, eraldatzaileak, ingeniaritzak eta ekipo-ondasunen fabrikatzaileak eta inputen hornitzaileak) bere produkzioaren %41a esportatu zuen 2010ean, eta esportazio horren %60aren helmuga 27en Europar Batasuneko herrialdeak izan ziren. Sektorea bere osotasunean hartuz gero, mailaz maila eta pixkanaka egin dute gora esportazioek azken urteetan. 2006an fakturazioaren %27a esportatu zen, eta 2010ean, aldiz, %41a, sektorearen gaitasun lehiakorraren adierazgarri.

Siderexek Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren babesa jaso du jardunaldian, eta Gomez Danboreneak adierazi duenez, erakundearen lanaren aldeko apustua eginez jarraituko du kluster bihurtzeko bidean, gaur egun bigarren prestakuntza-urtean baitago aurrekluster gisa, kluster gisa finkatu aurretik.

Amaitzeko, kluster-egiturak eragindakoa baino eskala handiagoan sinergien batzea lortu nahi du Eusko Jaurlaritzak programa berriaren bidez, talde horietan azterturiko arlo guztiek, klusterrek berek eta aurreklusterrek lotura berriak ekar baititzakete lehiakortasunean hobetzeko. Egungo zifren hazkundea ahalbidetuko du programa berriak, enpresa-egitura batzuek beste batzuen gain daukaten trakzio-filosofia tarteko.