Kontsumitzaileen aldeko elkarlana sustatzeko protokolo bat egingo dute Jaurlaritzak eta EAEko Fiskaltzak

Ezkerretik eskumara: Ana Collia, Juan Calparsoro eta Rafael Bengoa, batzartuta
EUSKO JAURLARITZAKO OSASUN ETA KONTSUMO SAILA
Actualizado: jueves, 10 marzo 2011 14:14

BILBO, 10 Mar. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Kontsumo Saila eta Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Fiskaltza batzartu dira gaur, kontsumitzaileen aldeko elkarlana sustatzeko. Bi erakundeen arteko ekintzak koordinatu dituen protokolo bat jarriko da abian, gizartearengan arreta berezia eragiten duten kasuetan interes kolektiboa babesteko asmoz.

Rafael Bengoa Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Kontsumo sailburua, Juan Calparsoro EAEko fiskal nagusia eta Ana Collia Eusko Jaurlaritzako Kontsumo zuzendaria izan dira Lakuan buruturiko bilera honetako partaideak.

Bi aldeok azpimarratu dutenez, "garrantzi handiko lehen urratsa da" oraingoan eman dena, Administrazioaren eta Fiskaltzaren arteko elkarlanerako oinarriak finkatu ahal izateko, beti ere kontsumitzaileen eskubideak bermatzeko asmotan.

Izan ere, kontsumoko erakundeek norbanakoen defentsa dute, oro har, helburu, eta horrek, berez, baliabide pertsonal eta ekonomiko ugariren

xahutzea ohi dakar. Bide honetatik, gainera, ez dago beste kontsumitzaileenganako kalteak sahiesterik, ez eta berriro gertatzeko

arriskua uxatzerik ere.

Hemendik aurrera, hortaz, eta gizartearenganako arreta bizten duten kasuak izatekotan, Fiskaltzak ofizioz edota alde batek eskatuta jardungo du, bai erreklamazioen kopuruari erreparatuta, bai gerta litekeen eragin ekonomikoa kontuan hartuta.

Hori dela eta, fiskal koordinatzaile bat izendatu eta babestuko du EAEko Fiskaltzak, eta bere esku egongo dira izapide, prozedura eta ebazpen oro, bai eta konponezinezko kalteak ekiditeko asmoz aurrez hartu beharreko neurri guztiak ere. Fiskal koordinatzaile hau, kontsumoko erakunde publiko nahiz kontsumitzaileen elkarteekin koordinatuko da, baterako ekimenak abiaraztekoan zein interes handiko kasuak identifikatzerako orduan.