Kontsumo arduratsua "egunero egin beharreko zerbait" dela dio Eusko Jaurlaritzak

Actualizado: martes, 15 marzo 2011 13:25

BILBO, 15 Mar. (EUROPA PRESS) -

Kontsumo arduratsua aldarrikatzearekin batera, batez ere "egunero egin beharreko zerbait" dela azpimarratu du gaur Ana Collia Eusko Jaurlaritzako Kontsumo zuzendariak. Kontsumoaren Nazioarteko Eguna dela eta, Colliak berak eta Osasun sailburuorde Jesus Maria Fernandezek inauguratu duten jardunaldi bat burutu da, Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Kontsumo Sailak antolatuta. Bertan, Rosa Regas idazleak hitzaldi bat eskaini du, "Segurtasun eta

erantzukizuna kontsumo ekintzetan" izenburupean.

Bilboko Itsasadarra Itsas Museoan egindako ekitaldian, Eusko Jaurlaritzako Kontsumo zuzendariak nabarmendu duenez, kontsumitzaileen eskubideak aldarrikatzeko jardunaldia izaten hasi zena, "herritarrok

arduraz kontsumitzearen beharraz ohartarazteko deia bilakatuz joan da, urtez urtez", Kontsumoaren Nazioarteko Egunari aipu eginez.

Colliaren esanetan, "aro berri bati aurre egiten ari gatzaizkio, non orain arte erabilitako tresnak zaharkituta gelditu zaizkigun; erantzun berriak behar ditugu, beraz, lanabes berriak, estrategia berriak, oldartu beharreko erronkari behar bezala aurre egiteko, ez baita bidezkoa bizi garen mundu honetan, gutxi batzuek behar baino askozaz gehiago kontsumitu bitartean, gehiengo zabal batek oinarrizko beharrak asetzeko beste ere ez edukitzea".

Bere aburuz, zentzuzko kontsumo era honen aldeko apustu garbia egiten dihardu Eusko Jaurlaritza, eta bide horretatik jarraituko duela gaineratu du, ahaleginak bizkortuz, bereziki Kontsumobide Kontsumorako Euskal Institutua aurten abian jarriz.

Halaber, hezkuntza eta heziketa indartzearen, informazioa eta gardentasuna bermatzearen, gatazkak konpontzeko doan, eraginkor eta erraza den arbitraje sistema bultzatzearen eta merkatuaren kontrol zorrotzarekin jarraitzearen alde agertu da.

Hala ere, Colliaren iritziz, "ez da hori nahikoa", eta behar-beharrezkotzat jo du "kontsumitzaileok geure ekintzen erantzukizuna hartzeari". "Jarrera kritiko bat hartuta produktu bat erosi edota zerbitzu bat kontratatzen dugun bakoitzean, erositako hori inoren eskubideak urratu gabe egin dela ziurtatuz, gure eguneroko jardunak

ingurumenarengan duen eragina ahalik eta gehien arinduz. Bestela esanda, zentzunez kontsumituz", adierazi du.

PRODUKTU ARRISKUTSUEN ERAKUSKETA

Gaurko jardunaldian, kontsumitzaileentzat kaltegarri gerta zitezkeela-eta alertapean eta merkaturik kendu diren produktuek osatutako erakusketa bat ikusi ahal izan da.

Eusko Jaurlaritzako Kontsumo Zuzendaritzaren datuen arabera, 2010. urtean 84.846 ale erretiratu ziren, 85 produktu mota ezberdinetan sailkatuta; hau guztia, aipatu zuzendaritzaren alerta-sarearen eta ikuskaritza-kanpainen ondorioz.

Merkatutik baztertutako produktuotatik, gehienak kimikoak dira (80.181 ale), eta ondoren elektrikoak (1.846), haurtzaroarekin lotuak (1.182) eta jolasak eta jostailuak (756). Gainerantzekoa (881) honela banatuta dago: apaingarriak, kirol eta aisialdirako tresneria, elektrogailuak, ehungaiak, oinetakoak eta osagarriak eta eskolarako

materiala.