Kontsumobide kontsumo jasangarri eta arduratsua sustatzeko Europako sarean sartu da

NEPIM sareko kideak, Elena Unzueta tartean
Foto: KONTSUMOBIDE
Actualizado: miércoles, 27 mayo 2015 12:34

BILBO, 27 (EUROPA PRESS)

   Kontsumobide Europako eskualdeetan kontsumoaren garapen jasangarria sustatzeko sare europarrean (NEPIM) sartu da. Sareak Batzar Orokorra egin zuen Bruselan asteartean, eta Elena Unzueta Kontsumobideko zuzendariak parte hartu zuen, Kontsumoaren Euskal Institutuaren hautagaitza aurkezteko. Eskualde arteko kontsumo sareko kideek eskaera onartu zuten, Kontsumobidek jakinarazi duenez.

   Modu honetan, hemendik aurrera, Kontsumobide NEPIM sareko beste kontsumitzaile erakunde eta elkarteekin batera arituko da kontsumoaren esparruan lanean, eta, hala, esperientzia eta jardunbide egokien elkartrukerako aukera zabalduko da. Azken helburua da ingurumena errespetatuko duen kontsumo kritikoa, arduratsua eta jasangarria sustatzea.

   Era berean, NEPIMen asmoetako bat da jarduera adostua garatzea sareko kideen artean, Europako kontsumitzaile ikuspegi bat defendatzeko, Europar Batasunean kontsumitzaileen eskubide esparruari dagozkion erabaki hartze prozesuetan parte hartzeko eta laguntzeko.

   Gaur egun, 13 kidek osatzen dute NEPIM. Bertan, Europar Batasuneko zazpi estatu kidetako eskualdeen erakunde ofizial eta kontsumo elkarteak elkartu dira. Espainiako Estatuaren mailan, Kontsumobide eta Kontsumoko Kataluniako Agentzia besterik ez daude elkarte horretan.

   Elena Unzuetak Kontsumobide Europako sare horretan egotearen eta helburu horiek lantzeko konpromisoa hartu izanaren garrantzia nabarmendu du. Gainera, ekintza hori Kontsumobideren 2014-2018 Plan Estrategikoan jasotako sei helburuetako bat dela gogorarazi du; hain zuzen, "aliantza sendoen sareak eratzea, kontsumo politikekin eta helburu estrategikoekin bat etortzen direnak".

   Unzuetak NEPIMen Batzar Orokorraren aurrean azaldu duenez, Kontsumobidek "erreferentzia" izan nahi du kontsumoaren alorrean, baliabide baliagarri eta premiazko gisa hauteman dezatela, eta Kontsumobideren egitasmoarekin -hau da, kontsumitzaileak osorik babestea: kontsumitu aurretik, bitartean eta ondoren- guztiz engaiatutako profesional talde batez hornitua.