Kontsumobidek 456.000 euro banatuko ditu kontsumitzaileen elkarteen artean

Actualizado: martes, 15 diciembre 2015 16:27

GASTEIZ, 15 (EUROPA PRESS)

   Kontsumobide Kontsumoko Euskal Institutuak 456.000 euro bideratuko ditu kontsumitzaileen elkarteei laguntza ekonomikoak ematera, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak defenda daitezen sustatzeko.

   Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak astearte honetan onartu du laguntza ekonomiko hauek emateko programa eta deialdia garatzen dituen ebazpena, Kontsumobideren konpromiso jakin bati erantzunez, alegia, kontsumitzaileen elkarteei laguntza ekonomikoetarako mekanismoak ematen jarraitzea, kontsumo politikak indartzeko.

   Horrela, 2016ko ekitaldirako deialdiak hiru gastu motarako diru laguntzak aurreikusi ditu: kontsumitzaileentzako arreta, laguntza juridikoa eta kontsumo proiektuak egitea. Zehazki, 276.000 euro kontsumitzaileen arretatik sortutako gastuak ordaintzera zuzenduko dira, eta 150.000 euro aholkularitza juridikora. Azkenik, 15.000 euro Euskadin egindako kontsumo proiektuak finantzatzera bideratuko dira, hala nola informazio eta sentsibilizazio ekintzak, ondasun eta zerbitzuen kalitateari buruzko inkestak eta analisiak, edota kontsumoaren alorreko azterlanak.

   Diru lagntzaren bat jaso ahal izateko eskabideak aurkezteko epea agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2016ko otsailaren 15ean amaituko.