Kontsumobidek gurasoentzako jarduerak ere eskainiko ditu ikastetxeetarako prestakuntza eskaintzan

Actualizado: viernes, 18 septiembre 2015 15:19

BILBO, 18 (EUROPA PRESS)

   Kontsumobide Kontsumoaren Euskal Erakundeak Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ikastetxeetarako prestakuntza eskaintza berria prestatu du ikasturte berrirako, eta deialdia irailaren 30era bitartean egongo da irekita. Programa berariaz diseinatu du Lehen Hezkuntzako eta DBHko 1. zikloko zentroetan doako prestakuntza emateko eta, ikasleentzako tailerrak ez ezik, gurasoentzako bestelako jarduerak ere hartzen ditu barnean, baita kontsumoaren arloko pedagogia orientazioko zerbitzu bat ere irakasleentzat.

   Eskaintzak helburu hauek ditu, besteak beste: batetik, ikasleei baliabideak ematea kontsumo gizartean pertsona kritiko eta arduratsu modura aritu daitezen, eta, bestetik, kontsumoaren ondoriozko fenomeno jakin batzuen aurreko erabakiak har ditzaten erraztea.

   Horretarako, 2015-2016 ikasturtean 36 tailer egin ahal izango dituzte kontsumoaren alorreko hainbat gairi buruz (18 Lehen Hezkuntzan eta 18 DBHko 1. eta 2. mailan). Ikastaroak heziketa ziklo bakoitzera orientatu eta egokituta egongo dira.

   Kontsumobidek jakinarazi duenez, joan den ikasturtean, guztira, 2.604 tailer eman zituen Kontsumobidek, eta EAEko 53.560 ikaslek jaso zuten prestakuntza. Gaiari dagokionez, hauek izan ziren gehien eskatutako tailerrak, eta aurten ere eskaini dira, Lehen Hezkuntzako lehen eta bigarren zikloan: litxarreriak, supermerkatua eta erosketa eta elikagaien ekoizpena; hirugarren zikloan, berriz, teknologia berriak eta publizitatearen analisia izeneko tailerrek izan dute arrakasta handien.

Bigarren Hezkuntzan, bestalde, elikadura eta teknologia berriei buruzko tailerrak eskatu dituzte gehienbat.

   Halaber, Kontsumobidek zazpi tailer eta informazio hitzaldi bat eskainiko ditu gurasoen prestakuntzari dagokionez. Teknologia berrien erabileraren eta elikaduraren gaineko gaiak dira gehien eskatzen dituztenak. Iazko ikasturtean 928 gurasok parte hartu zuten guztira tailerretan.

BERARIAZKO BI PROGRAMA

   Ikastetxeetako prestakuntza programaz gain, Kontsumobidek berariazko beste bi programa ere ditu prestakuntza ekintza garatzeko: adinekoen zentroetan gauzatzen duena eta Gasteiz, Bilbo eta Donostiako prestakuntza zentroetan eskainitakoa.

   Kontsumobidek bere jardunaren lehentasunezko lerrotzat jo du prestakuntza, 2014-2018 aldirako Plan Estrategikoan biltzen duen moduan. "Prestakuntza arin eta eraginkorra, behar berrietara orientatua, kontsumitzaileei beren eskubideei buruz informatu, kontzientziatu eta hezteko, produktuen eta zerbitzuen kontsumo kontziente, kritiko, jasangarri eta arduratsu baten ikuspegitik betiere', adierazi du Kontsumobideko zuzendari Xabier Legarretak.

   Horrela bada, Kontsumobidek doako ikastaro, tailer eta hitzaldiak eskainiko ditu bere prestakuntza zentroetan urte osoan zehar, herritarrentzat oro har, baita hainbat talderentzat ere (helduentzako hezkuntza zentroak, Bigarren Hezkuntzako 2. zikloko eta Batxilergoko ikasleak, elkarteak eta abar).

   Urte osoan dago izena emateko aukera, eta gaiak bederatzi arlotan daude banatuta: publizitatea, etiketak, erosketak eta zerbitzuak, jasangarritasuna, kontsumitzaileen eskubideak eta betebeharrak, segurtasuna, teknologia berriak, finantza zerbitzuak eta elikadura. Zehazki, prestakuntza horren bitartez Kontsumobidek, helburu orokorraz gain, kontsumitzaileen hezkuntza dinamizatu nahi du, eta kontsumoari buruzko prestakuntza jarduerak egin ditzaten erraztu nahi die hainbat kolektibo eta elkarteri.

   Kontsumobideren prestakuntza-zentroetan garatutako prestakuntza ekintzetan 24.555 lagunek hartu zuten parte iaz. Adinekoen zentroetako prestakuntza teoriko-praktikoa da. Astebetean, kontsumoari buruzko bi gai espezifiko lantzen dituzte kolektibo horrentzat, hitzaldien bidez, eta alde praktikoa, ikasgelen bidez eta ekoizpen zentroetara eta beste enpresa batzuetara egindako bisiten bidez jorratzen dute. Iaz 3.142 lagunek parte hartu zuten; hauek izan ziren gehien eskatutako gaiak: medikazioa eta automedikazioa; adinekoen segurtasuna, eta elikadura eta nutrizioa. Datorren urterako prestakuntza eskatzeko deialdia azarotik aurrera egongo da zabalik.