Kontzertu Ekonomikoa "gure eskubidea eta gure autogobernu politiko eta ekonomikoaren giltzarria" dela dio Tejeriak

Bakartxo Tejeria
Foto: Europa Press
Actualizado: lunes, 27 enero 2014 12:27

GASTEIZ, 27 (EUROPA PRESS) 

   Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak Kontzertu Ekonomikoa defendatu du gaur, urtarrilaren 27an, "gure eskubidea eta gure autogobernu politiko eta ekonomikoaren tresna giltzarria delako".

   Kontzertu Ekonomikoari buruzko mintegiaren irekieran egin ditu adierazpenak Tejeriak, Gasteizen. Mintegi hori izango da Eusko Legebiltzarrak Euskadiko intereseko gaiei eta analisi politikoari buruz sustatuko dituen mintegietatik lehenengoa. Hitzaldi sorta hau astelehenetik asteazkenera bitartean egingo da, Tomas Moro aretoan, Gasteizen.

   Zikloan parte hartuko dute mundu akademikoko aditu batzuek eta Kontzertu Ekonomikoaren garapenean eta eguneraketan funtsezkoak izan ziren arduradun politiko batzuek. Horrela, mundu akademikotik, Eduardo J. Alonso, Santiago Larrazabal eta Susana Serrano irakasleek parte hartuko dute, eta Itun Ekonomikoaren garapenean eremu politikoan protagonista izan zirenen aldetik, Pedro Luis Uriarte, Jose Luis Larrea eta Juan Jose Ibarretxe, eta Nafarroako Hitzarmenari dagokionez, Blas los Arcos.

   "Indarrean dagoen legediaren aurretiko eskubide bat da eta hura baino harago doa. 135 urtetik gora dituen eskubide bat da. Kontzertua baino lehen, ordea, foruak existitzen ziren, zeinek ematen baitziguten autogobernu politikoa eta ekonomikoa", azaldu du Tejeriak.

   Eusko Legebiltzarreko presidenteak arreta jarri du "euskal autonomiaren identitate ikur" bezala definitu duen itunaren bi aldeetan, hau da, alde ekonomikoan eta alde politikoan. Bere hitzetan, "autogobernu ekonomikorik gabe, burujabetza ekonomikorik gabe, ez dago benetako autogobernu politikarik, ez baitago burujabetza politikorik, eta autogobernu politikorik gabe, ez dago benetako autogobernu politikorik", azpimarratu du.

   Tejeriak gogoratu du Kontzertu Ekonomikoa "gure eskubide historikoetatik" eratortzen dela, eta ezaugarri hori dela, hain zuzen, "gure autogobernua bereizten duena, menpekotasunetik urruti, itunean eta akordioan oinarritutako harreman sistema bat delako".

ALDEBIKOTASUNA

   Euskal eta espainiar erakundeen artean bi aldeko harreman politiko-ekonomikoa ezartzen duela gogorarazi du, eta, "bere izaeragatik", aldebikotasun hori dela aplikatu behar dela "ez bakarrik eremu ekonomikoan, baizik eta baita politikoan ere, nahiz eta badiren aldebikotasun hori saihesten saiatzen direnak, adibidez, espainiar gobernu batzuk eta besteak.

   "Euskal herritarrak gara gure zerbitzuak eta gure inbertsioak finantzatzen ditugunak. Guk biltzen dugu eta guk erabakitzen dugu bilketa horren norakoa euskal instituzio batzuetan eta besteetan: Legebiltzarrean, biltzar nagusietan edo udaletan", nabarmendu du.

   Eusko Legebiltzarreko presidentearen ustez, "industria, hezkuntza, osasun, zerbitzu sozial eta beste hainbat arlotan Euskadik Espainia gainditzearen sekretua", hain zuzen, Kontzertu Ekonomikoan datza, "Kontzertuak ematen digun autogobernu ahalmenean eta autogobernu horretaz egiten dugun erabileran".

   Izan ere, bere iritziz, "autogobernuak ongizatea dakar, eta burujabetza gehiagorekin, ongizate maila handiagoa lortzen da euskal herritarrentzat". "Autogobernu gehiago nahi dugu, hobeto bizitzeko", ziurtatu du.

   Azkenik, Tejeriak azpimarratu duenez, Kontzertu Ekonomikoak "Europan sartzen gaitu, euskal ogasuna, nahiz eta gu estatu bat ez izan, Europaren parte baita, beste ogasun europar batzuekin batera, hala nola espainiarrarekin batera".