Kostaldeko eta itsasoko alerta laranja aktibatuko da ostiralerako

Olatuak iaz, Bermeon
Foto: Europa Press
Actualizado: jueves, 29 enero 2015 18:40
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 29 (EUROPA PRESS)

   Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak alerta laranja aktibatuko du gaur iluntzeko 21:00etatik ostiral gaueko 00:00etara arte, itsasoko eta kostaldeko arriskuagatik, olatuek zazpi metroko altuera ere izan dezaketelako. Hala ere, kostaldean ez da espero beste kasu batzuetan bezain ondorio bortitzak izatea, denboraleak marea hilekin bat egingo baitu.

   Euskalmet Meteorologiaren Euskal Agentziaren iritziz, ostegunean zehar olatuak gero eta altuagoak izango dira, hiru metro ingurukoak goizean eta bost metrotik gorakoak iluntzean. Ostiralean, baliteke olatuak altuagoak izatea, zazpi metrotik gorakoak, batez ere, egunaren lehen erdian, haizeak mendebaldetik eta ipar-mendebaldetik joko baitu 7 eta 8 arteko indarrarekin.

   Egunaren amaiera aldean, olatuak txikiagoak izango dira, bost metro ingurukoak, eta baliteke asteburuan maila horri eustea. Laburbilduz, itsasoaren egoeragatik eta mendebaldetik eta ipar-mendebaldetik joko duen haize bortitzagatik, nabigatzeko baldintza oso txarrak izango dira. Hala ere, nabarmendu behar da olatu altuek marea hilekin bat egingo dutela eta, horrenbestez, ez dela aparteko ondoriorik espero kostaldean.

   Euskalmeten arabera, hurrengo bost egunetako eguraldia oso nahasia izango da. Hala, ostiraletik aurrera, denborale gogor bat jasango dugu Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), ipar-ekialdeko korridore bat sortuko delako Azoreetako antizikloiaren eta Europako iparraldean dagoen depresio sakon baten artean.

   Korridore horretan hainbat fronte sortuko dira eta bete-betean eragingo digute. Hala, prezipitazio ugariak eta iraunkorrak izango dira, baita ipar-ekialdetik joko duten haize bortitzak ere, eta elurteak, gero eta maila baxuagoetan asteak aurrera egin ahala.

   Baliteke egoerak otsailaren 3ra arte irautea. Ostegunean, goizeko bigarren erditik aurrera prezipitazioak nabarmenagoak izango dira, oro har, iraunkorrak eta intentsitate ertainekoak. Gainera, baliteke uneren batean intentsitate handikoak izatea, batez ere ostiralean.

   Kantauri isurialdeari dagokionez, datozen bost egunetan, prezipitazio kantitate handiak metatuko dira. Batez bestekoa 150 mm ingurukoa izango den arren, baliteke momentu batzuetan 200-250 mm-koak izatea.

   Arabako Lautadan ere bildutako kantitateak deigarriak izango dira, 80 mm ingurukoak bost egunean. Gainera, ostiral gauetik aurrera eta asteburu osoan, txingor zaparradak izango dira Kantauri isurialdean.

   Prezipitazio kantitate handienak ostiralean jasoko dira. Baliteke metatutako gehienekoak 60-80 mm-tik gorakoak izatea Kantauri isurialdean, eta 30 mm-tik gorakoak Arabako Lautadan. Prezipitazioek otsailaren 2ra arte iraungo dute, gutxienez.

ELURRA ETA HAIZEA

   Bestalde, Euskalmenten iragarpenen arabera, lehen egunetan elur maila 1.000 metroren inguruan kokatuko da, eta baliteke asteburuan jaistea. Horrenbestez, prezipitazioek elur forma izango dute gero eta maila txikiagoetan: larunbatean, 1.000 metrotik 600-800 metrora jaitsiko dira arratsaldean, eta 500-600 metrora egunaren amaieran. Gainera, baxuagoak izango dira ekaitzen eremuetan.

   Dena den, elurrari dagokionez, egunik zailena igandea izango da. Elur maila gehiago jaistea espero da, eta baliteke 300-500 metrora jaistea, baita 100-200 metrora ere ekaitzen eremuetan. Bestalde, igandean baliteke ekaitz zaparradak ohikoak izatea, batez ere kostaldean.

   Haizeak mendebaldetik eta ipar-mendebaldetik joko du, eta indarra hartuko du ostegun arratsaldean. Baliteke gune irekietan 100 km/h-tik gorakoak izatea, bereziki, kostaldean eta Kantauri isurialdeko mendietan. Gune ez irekietan 70-80 km/h-ko abiadura izango dute, batez ere, kostaldetik gertu. Horregatik, baliteke batzuetan 80 km/h-tik gorakoak ere izatea.

   Ostiral goizean egoera antzekoa izango da, baina haizeak indarra galduko du egunak aurrera egin ahala. Asteburuan, ordea, haizeak indarra hartuko du berriz, eta baliteke kostaldean eta mendi inguruetan 80-90 km/h-koa eta gainerakoan 60 km-h-koa izatea.

   Funtsean, egoera aurreikusitakoa bada, denborale gogorra jasango dugu, eta prezipitazio ugari, haizea, egoera txarreko itsasoa eta elurteak izango ditugu. Elurteei dagokienez, asteburuan, igandean batez ere, elur maila baxua izango da eta baliteke elur kantitate nabarmenak pilatzea. Alderdi positibo bat aipatzearren, olatu bortitzek marea hilekin bat egingo dute, eta horregatik, ez da ondorio larririk espero Euskadiko kostaldean.    

   Eguraldiaren iragarpenak eta abisuak Euskalmeten bidez jarraitzea gomendatzen da (http://www.euskalmet.net). Abisuen kasuan, jarraipena Twitter bidez egitea aholkatzen da (@Euskalmet).