Krisiari aurre egiteko sormenak duen balioa nabarmendu du Bizkaiko Foru Aldundiak

Actualizado: viernes, 11 noviembre 2011 12:52

BILBO, 11 Nov. (EUROPA PRESS) -

Bizkaiko Foru Aldundiak krisiari aurre egiteko sormenak daukan balioa nabarmendu du gaur, Ekonomia Sustatzeko Saileko Azpiegiturak eta Beaz sozietate publikoek antolatu dituzten "Industria sortzaileak, berrikuntzaren aldeko apustua" jardunaldietan zehar. Bertan, arlo horretako ehun aditu inguru bildu dira, eta Beaz eta Azpiegiturak sozietateetako zuzendariek Bizkaiko Foru Aldundiak industria sortzaileen garapenarekiko duen konpromisoa gogoratu dute.

"Berrikuntza eta sormena kontzeptu ezberdinak dira eta, hala ere, batera egon behar dute antolakunde eta enpresetan", adierazi du Juan Diego Beaz sozietateko zuzendari nagusiak "Industria sortzaileak, berrikuntzaren aldeko apustua" jardunaldia inauguratzeko hitzaldian. Aipatu bezala, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailaren Azpiegiturak eta Beaz enpresa publikoak antolatu dute jardunaldia, Bilbon, Kalitatearen eta Bikaintasunaren XVII. Astearen barruan.

Jardunaldia sormenak duen balioaren "ahobatezko errebindikazioa" bihurtu da. Beaz sozietateko arduradunak azaldu duenez, sormena ez dagokie soilik proiektu, produktu edo zerbitzuen garapenari, "antolakunde bat osatzen duten pertsonak motibatzeko eta haren baitan dagoen talentua hautemateko funtsezko faktorea ere badelako".

Hizlariak eta ehun partaideak bat etorri dira sormena eta berrikuntza kontzeptuak elkarren osagarri direla eta antolakundeetan pentsamendu sortzailea bultzatu beharra dagoela baieztatzerakoan. Beaz enpresa publikoko zuzendariak gaineratu du joera argia dutela. "Gure lurraldean aberastasuna eta enplegua sortzen dituzten hazkunde proiektuak laguntzen dituzte, eta industria sortzaileek garatzeko aukera ugari dituzte", nabarmendu du.