Kudeaketa publiko eraginkorrean saritutako bi erakunderen ordezkariak Euskadin dira, beren esperientziak partekatzeko

Actualizado: lunes, 20 octubre 2014 18:02

BILBO, 20 Oct. (EUROPA PRESS) -

Kudeaketa publiko eraginkorrean sarituak izan diren Amerikako bi erakunderen ordezkariak Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) izango dira aste honetan, beren esperientziak bertoko erakundeetako ordezkariekin partekatzeko asmoz.

Zehazki, Mexikoko Pueblako Udaleko Udal Plangintza Institutuko koordinatzaile nagusi Luis Fernando Graham Velver eta Panamako AIG Gobernu Berrikuntzarako Agintaritza Nazionaleko Internet, Inklusio eta Mugikortasuneko zuzendari Pablo A. Ruidiaz dira Euskadin dauden ordezkariak.

Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzako iturriek jakinarazi dutenez, Amerikako Estatuen Erakundeak (AEE) Kudeaketa Publiko Eraginkorrerako Berrikuntzari buruzko ekimenean parte hartzera gonbidatu zuen Jaurlaritza; ekimen hori PIGEP 2013 Sarian gauzatu zen azkenean, eta Panaman eman zen, martxoan. Eusko Jaurlaritzak politika publikoetako gardentasunari eta parte hartzeari buruzko ekimenak aurkeztu zituen.

Horrez gain, lankidetza esparru bat ezarri zuen AEErekin, orduan aitortutako lau erakundeek beren ekimen eta proiektuak partekatu eta hedatu ahal izan ditzaten Euskadin. Horietako bi, bada, Euskadin izango dira aste honetan: Mexikoko Pueblako Udaleko Udal Plangintza Institutuko koordinatzaile nagusi Luis Fernando Graham Velver eta Panamako AIG Gobernu Berrikuntzarako Agintaritza Nazionaleko Internet, Inklusio eta Mugikortasuneko zuzendari Pablo A. Ruidiaz.

Gaur goizean hasi dute lan agenda: bilera bat egin dute Lehendakaritzan horretan Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Marian Elorzarekin, Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko zuzendari Javier Bikandirekin, Gobernu Irekiko zuzendari Luis Petrikorenarekin eta Kanpo Harremanetako teknikari Estibaliz Urzelayrekin. Jarraian, biek beren proiektu irabazleak azaldu dituzte.

ESPERIENTZIAK

Mexikoko Esperientzia Berritzaileari dagokionez, Udal Zereginak Ebaluatzeko Sistemaren proiektuak (SEDEM) zortzi urte daramatza abian, hiru administraziotan, bi alderditatik eratorrita.

Gaur egun, SEDEMen operazio basea Pueblako Udal Plangintzako Erakunde sortu berrian dago (Mexikoko Puebla estatua). Urte hauetan, sistema erakundean sendotzen joan da, eta, gaur egun, babeserako tresna ezinbestekoa da udal gobernuko dependentzien eta erakundeen planei, programei eta proiektuei segimendua egiteko, guztia ere lorpenak, gabeziak eta aukera guneak identifikatzeko, kudeaketan etengabeko hobekuntza modu eraginkorrean gauzatzeko eta Puebla udalerrian herritarren eskariak eta beharrak asetzeko baldintzak sortzeko, eta, horrez gain, kontu emateak eta gardentasuna lortzea errazteko.

Bestalde, Panamako "Red Nacional de Internet RNI- Internet para todos" proiektuaren helburua haririk gabeko konektagarritasuna sustatzea da herrialdeko txoko guztietara, dohainik eta sarbide errazarekin. Proiektu honen bidez, Panamako Gobernuak herritarren partaidetza eta gizarteratzea nahi du Informazioaren eta Komunikazioen Teknologien (IKT) erabileran, jakintzaren gizartean txertatzeko eta hura garatzeko.

Azken finean, Interneteko sarbidea handitzea lortu nahi da, plataforma digital bat hornitzea ETEen lehiakortasuna sustatzeko eta ekonomia formalean sartzeko, bai eta aukera berdintasuna, hezkuntza sustatzea eta jakintzari bide ematea ere, tarte digitala murriztuta.