Kudeaketa teknologikoa hobetzea da 2011ko EAEko Bide-segurtasuneko Estrategia Planaren helburu nagusietako bat

EAEko Bide-segurtasuneko Estrategia Planak 2011rako helburuak zehaztu ditu
Reuters
Actualizado: jueves, 19 mayo 2011 13:07

BILBO, 19 May. (EUROPA PRESS) -

Trafikoaren kudeaketa hobeago bat lortzeko lan egitea teknologia berrien abantailak aprobetxatuta eta kolaborazioa eta informazio-trukatzea indartzea Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) kudeaketa-zentroaren eta auzoko lurraldeen zentroen artean dira 2011rako EAEko Bide-segurtasunerako Estrategia Planak hartu dituen helburu nagusietako bi.

Gainera, koordinazioa bultzatuko da udal zerbitzuen artean euren datu estatistikoak barneratzeko eta mugikortasun gero eta seguruago baten aldeko apustuan ekingo da berriro; azken eremu horretan betebehar garrantzitsua izango dute kontzientziazio kanpainek eta komunikabideekin dagoen kolaborazioak, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez.

Bide-segurtasunerako Euskal Batzordea -trafiko eta bide-segurtasunean konpetentziak dituen eta euskal erakunde guztiak (publikoak zein pribatuak) ordezkatzen dituen foroa- bilduko da gaur, Euskadiko Zirkulazioa Kudeatzeko Zentroan, azken urteko balantzea aztertzeko eta 2011rako aurreikusitako jarduerak dinamizatzeko. 2010-2014 eperako EAEko Bide-segurtasunerako Estrategia Planaren garapenean pausoak ematen jarraitzea da helburua.

Orotara 46 erakundek dute ordezkaritza Batzordean, hala nola Eusko Jaurlaritzako sail guztiek, Arabako, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundiek, Eudel eta Bilbo, Donostia eta Gasteizko udalek, Probintziako Trafikoko Buruzagitzak, autopisten enpresa kudeatzaileak, autoeskolak, aseguru-entitateak, euskal unibertsitateak edo laguntza-erakundeak; laburbilduz, trafikoaren edozein aldaerekin EAEn harremana duten entitate guztiak daude ordezkatuta.

Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak datozen 12 hilabeteetan heltzeko Batzordean aurkezten dituen lanen artean, besteak beste, honako hauek daude: espedienteen kudeaketa teknologikoa hobetzeko apustu finkoa, bide-segurtasunerako behatoki baten sorrera, udaltzaingoen datuen barneratzea, trafikoaren kudeaketarako zentroen konexioaren zabaltzea eta mugikortasun segurua bultzatzeko topaketak eta lan-jardunaldiak egitea.

Kontzientziazio eta heziketa kanpainak indartzea ere aztertuko da, komunikabideekin modu estuago batean lan egitearekin batera, zirkulazioaren arriskuen aurreko jarrera positiboak sustatzeko. Urte honetan zehar garatu beharreko beste zeregin bat herritarren parte-hartzea trafiko-politiketan -batez ere internet bidez- sustatzea da.

GAINDITUTAKO AUKERAK

Dena den, EAEko Bide-segurtasunerako Estrategia Planaren helburu nagusiak errepideetako biktima kopuruaren murrizketa eta euskal bide-sarean zirkulazio-baldintzen hobekuntza dira oraindik, hurrenkera horretan. Lehen xedeari dagokionez, 2010eko emaitzak "erabat positiboak" dira, istripu zein biktima kopurua gutxitu delako.

Azken urtean zehar 8.185 istripu izan ziren EAEko errepideetan; horietako 2.541ek biktimak izan zituzten eta 5.644k ez zituzten biktimarik izan. Biktimak izandako istripuetan 67 pertsona hil ziren (aurreko urteko zifra berdina, baina hildako eta zauritu kopuru totala jaitsi zen). Ezbeharretan 13.215 ibilgailu eta 18.089 pertsona egon ziren nahastuta. Datu hauekin, 2009ko datuekin alderatuta, biktimak dituzten istripuak %6,5 jaitsi direla eta nahasitako pertsonen kopurua %8,6 gutxitu dela adierazten da.

Istripuen beherapen hau modu jarraituan mantendu da azken hamarkadan zehar. Zehazki, %41,6 jaitsi dira hamar urte hauetan biktimak dituzten istripuak. Datu hauen bidez, beraz, Batzordean finkatutako istripuen murrizpenerako asmo handiko helburuak gainditu dira.

Ezbehar kopuruaren bilakaerak azken hamarkadan zehar Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak Estrategia Plan ezberdinetan zehaztutako helburuak betetzeaz gain, esparru honetan Europako herrialde aurreratuenetan (Erresuma Batua, Suedia edo Herbehereak) duten milioi biztanleko hildako ratio antzeko batzuk lortzea ahalbidetu du.

Bigarren helburu estrategikoari dagokionez, hots, zirkulazio-baldintzen hobekuntza, kontrol-sistemak errepidean bertan hobetzeko Trafiko Zuzendaritzaren politika, Ertzaintzaren etengabeko zaintze baten bidez, urte hauetan zirkulazio-baldintzak era jarraituan hobetzeko "gakoa" izan da. Hainbat bide-zati osoren monitorizazioak eta gehiegizko abiadura bezalako funtsezko alorren kontrol gero eta handiagoak baldintza horiek "nabarmen" hobetzea ekarri dute.

Zirkulazioaren hobekuntzan beste ekimen batzuk ere izan dira lagun: Trafiko Zuzendaritzarekin informazioa elkartrukatzea trafikoaren egoera auzoko lurraldeetan ezagutzeko edo Bizkaia eta Kantabria arteko A-8ko bide itzulgarria bezalako neurri esperimental berritzaileak ezartzeko kolaborazioa.