Kultur aniztasuna sustatzeko elkarteen sare bat eratzeko lehen urratsak eman ditu Donostiako Udalak

Sampedrok eta Barrenetxeak eman dute lanaren berri
Foto: DONOSTIAKO UDALA
Actualizado: viernes, 21 febrero 2014 13:36

DONOSTIA, 21 (EUROPA PRESS)

   Donostiako Udala kultur aniztasuna sustatzeko elkarteen eta norbanakoen hiri mailako sare bat eratzeko bidean da. Udazkenean hiriko auzotan egindako prozesu parte hartzailean herritarrek egindako ekarpenetako bat izan zen hori, eta orain asmoa da norbanakoak eta eragileak elkarlanean aritzea, dinamika egonkor bat sortzea, beti ere, kultur aniztasuna eta bizikidetza sustatzeko. Udalanitz lurralde mailako eta ICC Intercultural Cities nazioarte mailako sareekin elkarlanean arituko da hiri mailako sarea.

   Naiara Sampedro Kultur Aniztasuneko zinegotziak prozesuaren garrantzia goraipatu du, besteak beste, prozesua bera sare horren oinarriak ezartzeko "lagungarria" izan delako. Horrela, bileretan jatorri eta kultur ezberdineko herritar eta eragileen ordezkariak hartu dute parte, eta jatorri aniztasuna eta elkarbizitza gaiaren inguruko hausnarketa eta eztabaida bultzatu da, lan dinamika parte hartzaileak erabiliz.

   "Emaitza oso positiboa izan da, eta uste dugu egitasmo eder baten abiapuntua izan dela hori, orain indar metaketa hori sustatu eta sare bat eratzen hasi garelako, asmoa baita aniztasunaren alorra modu kolektiboan lantzea", azaldu du.

   Horrela, datorren astelehenean egingo den bilera batera deitu ditu herritarrak eta eragileak Sampedro. Hitzordua Donostiako Udalbatzan izango da, datorren astelehenean, otsailaren 24ean, arratsaldeko 18:00etan. Bilera horretan prozesu parte hartzailearen emaitzak ezagutzera emango dira.

   Kultur Aniztasunaren Bulegoak, Aztiker Soziologia Ikergunearen eskutik, bost saio egin zituen udazkenean hiriko auzoetan: Parte Zaharrean, Antiguan, Altzan, Amara Berrin eta Egian. "Jatorri Aniztasuna eta Elkarbizitza Donostian" ikerketa kuantitatibo eta kualitatiboa aurkeztu zen orduan eta orain prozesu parte hartzaile honetan herritarrek egindako ekarpenekin osatutako behin betiko txostena emango da ezagutzera.

   Diagnostikoa duela urtebete egin zen. Donostia kultur eta jatorri askotako bizilagunez osatuta dagoela izan zen ikerketa horren ondorioetako bat; hain zuzen ere, donostiarrak 141 estatuetan jaioak dira, eta hiri honetan bizi direnen %57a soilik da hemen jaioa; bestela esanda, donostiarren hamarretik lau beste herri batean jaioa da. Elkarbizitzari dagokionez, bertako eta migratutako pertsonen arteko harremanean errespetua nagusitzen da, baina interakzioa oso eskasa da, eta, ondorioz, elkar ezagutza minimoa.

EKARPENAK

   Orain aurkezten den txostenak auzoetako prozesu parte hartzailean herritarrek egindako ekarpenak jasotzen ditu, eta hasierako diagnostikoaren emaitzak aberastera dator. Sare bat osatzeko beharraz gain, herritarrek bestelako proposamenak egin dituzte, besteak beste, administrazioa eta elkarteen arteko harremanak sakontzea, batzartuta ez dauden komunitateengana gerturatzea, topaketak, festak eta ekintzak egitea, edo sinesmena ezberdinak praktikatzeko espazioak sortzea.

   Halaber, kultur ezberdinekiko errespetua sustatzea, euskara ikasteko eskaintza zabaltzea, xenofobia eta aurreiritzien kontrako neurri zehatzak hartzea, espazio publikoa bereganatzea, migrazioen jatorrian sakontzea, elkarbizitzarako proiektuak garatzea, oinarrizko beharrei eta larrialdi egoeren aurrean baliabide eta informazioa eskainiko duen gune bat sortzea, iritsi berriak diren pertsonei harrera egiteko bulegoa, eta enplegu bilaketa aktiborako programak eratzea ere proposatu dituzte. Maitane Barrenetxea Aztiker Soziologia Ikerguneko teknikariak eman du horren berri.

   Txosten berri honetan oinarrituta lan ildoak zehaztea izan da hurrengo urratsa. Lan ildo hauen artean dago, sare bat osatzea, sentsibilizazio kanpainak egitea, herritar berriei harrera egiteko protokolo bat sortzea, eragile eta alor ezberdinen arteko zehar lerrotasuna garatzea, emakume etorkinentzat tailerrak antolatzea, elkarteentzako diru laguntzen deialdia egitea eta web atari bat sortzea.

   Lan ildo horiek zortzi alor ezberdinetan egin diren proposamenen ezarri dira; sareak eratzea, sentsibilizazio kanpainak, elkartegintza, harrera, zehar lerrotasuna udal barruan, emakume etorkinen ahalduntzea, dirulaguntzak, eta komunikazioa. Naiara Sampedrok aurreratu du etorkinentzat euskara ikasteko baliabideak jartzeko eta elkarbizitzarako proiektuak sustatzea izango dela aurrerantzean eman beharreko beste pauso bat.