Kultura Ondarea Sariaren bigarren edizioa abian da

Actualizado: martes, 5 enero 2016 11:46

BILBO, 5 (EUROPA PRESS)

   Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak Kultura Ondarea Sariaren bigarren edizioa jarri du martxan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) hirugarren eta laugarren mailetako eta Batxilergoko nahiz Erdi Mailako Heziketa Zikloetako lehen mailetako ikasleei zuzenduta.

   Gutxienez hiru eta gehienez sei laguneko taldea osatu, euskal kultura ondarearen inguruko gai bat aukeratu, eta gai horrekin 3-10 minutuko bideoa osatzea proposatzen die Kultura Ondarea Sariak gazteei. Kultura ondarea, izan materiala, izan ez materiala, zentzurik zabalenean har dezakete parte hartzaileek, eta euren inguru gertueneko elementuren bat bada, askoz hobe.

   Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak jakinarazi duenez, talde bakoitzak bi bideo aurkeztu beharko ditu. Bata, aukeratu duten gaiaren inguruko 3-10 minutuko bideoa izango da: gai librea, baina euskal kultura ondarearekin zerikusia duena. Beste bideoa, aurrekoaren making of delakoa izango da, sariketara aurkezten duten bideo nagusia nola gauzatu den kontatuko duen lana, alegia.

   Bideoak aurkezteko azken eguna apirilaren 8a izango da. Hiru bideo onenen egileek zazpi eguneko bidaia egingo dute 2016ko udan Irlandara; gidari baten laguntzaz, Irlandako toki enblematikoenetako batzuk, bertako historia eta kultura ondarea ezagutuko dituzte. 2014-2015 ikasturteko edizioan, Euskadiko 26 institututako 67 taldek hartu zuten parte Kultura Ondarea Sarian.

   "Kultura Ondarea Saria gure inguruari bestelako begi batzuekin begiratzeko gonbidapena da, eta kultura ondarea ulertzeko moduen gaineko eztabaida sustatu nahi du, ikastetxeetan eta euskal gizartean. Euskal kultura ondarearen gaineko sentsibilizazioa du helburu nagusi, gizarteko arlo guztietan, baina hezkuntza arloan eta gazteen artean batik bat. Horretarako, beraien kontakizuna eratu eta gai honen inguruko euren ikuspegia kontatu beharko dute gazteek, talde lanean, eta sormen ariketa bat burutuz. Ondoren, webgunearen bidez, ikuspegi hori gizarte guztiarekin partekatzeko aukera izango dute", azaldu du.

   Halaber, sariak "helburu pedagogiko nabarmenak" ere baditu. Ikasle zein irakasleei proiektu berritzaile batean parte hartzeko aukera eskaintzen die, oinarrizko konpetentzien garapenarekin bat datorrena. "Kultura Ondarea saria tresna egokia da honako oinarrizko konpetentziak bultzatzeko: konpetentzia artistikoa, digitala, linguistikoa eta gizarte konpetentzia. Gainera, ikaslea bere ikasketa prozesuko protagonista bihurtzen du", gaineratu du.

   Aurkeztutako bideoetan, epaimahaiak honako alderdi hauek baloratuko ditu: bideoa osatzeko egindako dokumentazio lana, elkarrekintza gizarte ingurunearekin (aukeratutako gaian garrantzitsuak diren pertsona edo eragileekin elkarrekintzan aritu izana), elkarrizketen egokitasuna eta kalitatea, sormena, dibulgazio izaera eta kultura ondarearen tratamenduan berrikuntza.

WEBGUNEA

   Kultura Ondarea Sariak parte hartzaile guztien elkargune izan nahi duen webgunea ere badu: www.kulturaondarea.euskadi.eus. Parte hartzaileek gune horren bidez egin beharko dute izen ematea, eta bertara igo beharko dituzte lehiaketara aurkeztu beharreko bideoak ere.

   Horrez gain, sarian parte hartzeko eta euren ikus-entzunezko lanak egiteko lagungarri izango zaizkien bideo tutorialak ere ikusi ahal izango dituzte, hala nola storytelling teknikari buruzko bideoa (istorioak kontatzeko teknika), elkarrizketak nola prestatu, bideo preprodukzioa nola egin edo bideo edizioari buruzko azalpenak.

   Kulturaren munduko izen ezagunek ere parte hartu dute Kultura Ondarea Sarian, eta ekarpena utzi dute webgunean. Material Didaktikoa atalean sartuz gero, kulturgile ezagunekin grabatutako elkarrizketak ikus daitezke atari honetan. Kultura ondareari buruzko euren gogoeta utzi dute kulturan aditu eta arituek, besteak beste, Nestor Basterretxeak, Toti Martinez de Lezeak, Jesus Mari Lazkanok, Kepa Junkerak, Bernardo Atxagak, Lolo Ricok, Kirmen Uribek, Roman Gubernek, Ramiro Pinillak edo Jesus Altunak.