Kursaaleko auditoriumeko hobekuntzek Donostia Zinemaldiko proiekzioen soinua hobetuko dute

Actualizado: miércoles, 17 septiembre 2014 16:45

DONOSTIA, 17 Sep. (EUROPA PRESS) -

Donostia Zinemaldiaren zuzendari Jose Luis Rebordinosek eta Kursaaleko auditoriumaren kudeatzaile Iker Goikoetxeak Kursaaleko auditoriumean egindako hobetze lanak aurkeztu dituzte gaur, irailaren 17an, 62. edizioko proiekzioen soinua ahalik eta onena izan dadin.

Zehazki, harri zuntzezko eta textilezko estaldura ipini dute auditoriumaren hainbat puntutan: atzeko horman zein anfiteatroak eta alboetatik sartzeko maldak banatzeko hesian. Gainera, oihalez estali dituzte agertokiaren ahokadura zein erlaitza eta sabaia.

Estaldura berriarekin laburragoa da batez besteko frekuentzien erreberberazio bitartea: egokitu aurretik 1,57 segundokoa zen eta orain 1,23 segundokoa da. Erreberberazio bitarte berriak Kursaalen adinako bolumena duen areto baten kalitate eskakizunak betetzen ditu.

Bestalde, STI (Speech Transmission Index) edo hitzen ulergarritasun indizearen balioak ere hobeak dira orain. Hala, auditoriumean ez da lekurik egongo ulergarritasun onaren atalasaren azpitik. Lehen, auditoriumeko zenbait lekutan, STIren balioa gomendatutako 0,60tik beherakoa zen, baina orain, hobekuntzak direla medio, balioa 0,60 eta 0,80 artean dago.