Kurt Elling kantariak eta Bilbao Orkestra Sinfonikoak bukatuko dute 365 Jazz Bilbao zikloa azaroaren 6an eta 7an

Actualizado: jueves, 30 octubre 2014 17:23

BILBO, 30 Oct. (EUROPA PRESS) -

Kurt Elling abeslariak eta Bilbao Orkestra Sinfonikoak (BOS) bi kontzertu eskainiko dituzte denboraldi honetako 365 Jazz Bilbao zikloa amaitzeko. Euskalduna Jauregian izango dira "Jazz Gaua" izeneko kontzertuok, azaroaren 6an eta 7an, arratsaldeko 19:30ean.

Orkestra bilbotarra zuzentzeko arduraduna Nabil Shehata kuwaitarra izango da, eta Paul Simon, Duke Ellington, Eden Ahbez eta Betty Carter bezalako artisten lanak interpretatuko dituzte, besteak beste, zikloaren antolatzailea den Bilbao 700 Fundazioak jakinarazi duenez.

365 Jazz Bilbao zikloaren 2014ko edizioaren lehen zatia otsailetik ekainera egin zen, Tigran Hamasyan, Gregory Porter, Roy Hargrove eta Terence Blanchard bezalako artistekin. Denboraldiko bigarren zatia urriaren 15ean hasi zen, Ambrose Akinmusire tronpeta jotzailearekin. Zikloaren aurtengo denboraldia bukatzeko, beraz, oso kontzertu bereziak eskainiko dituzte urriaren 15ean Bilbao Orkestra Sinfonikoak eta Kurt Elling jazz kantariak.

Kritikari ugariren ustez, une honetako jazz abeslaririk garrantzitsuena da Kurt Elling. Bere baritono ahotsak lau zortzidun hartzen ditu eta teknika harrigarria erakusten du emanaldietan eta inprobisazioetan. Nagusitasun tekniko handia dauka maila erritmikoan, tinbrikoan, dinamikoan eta fraseatzean, eta hurbilago dago instrumentista birtuosoaren eredutik ohiko abeslariaren eredutik baino.

Bilbao Orkestra Sinfonikoak 1922ko martxoaren 8an eman zuen bere lehen kontzertua, Arriaga Antzokian, Armand Marsicken zuzendaritzapean. Ordutik, zuzendari titular garrantzitsuak izan ditu, hala nola Armand Marsick, Vladimir Golschmann, Jesus Arambarri, José Limantour, Antoine de Babier, Rafael Frühbeck de Burgos, Alberto Bolet, Pedro Pirfano, Urbano Ruiz Laorden, Theo Alcántara eta Juanjo Mena. 2008ko uztailetik Günter Neuhold da orkestraren zuzendari titular eta artistikoa.