Kutxabankek eta SEAk Arabako enpresen lehiakortasuna indartzeko hitzarmena sinatu dute

Gomez (ezkerrean) eta Villalabeitia
Foto: KUTXABANK
Actualizado: miércoles, 21 octubre 2015 12:50

GASTEIZ, 21 (EUROPA PRESS)

   Kutxabank finantza erakundeak eta SEA Arabako Enpresariak elkarteak lankidetza hitzarmen berria sinatu dute eta Arabako enpresen lehiakortasuna indartzeko eta dituzten finantza behar larrienei erantzuna emateko konpromisoa hartu dute, lurraldeko jarduera ekonomikoa sendotzeko asmoz. Gregorio Villalabeitia (Kutxabank) eta Pascal Gomez (SEA) presidenteek sinatu dute akordioa.

   Zehazki, SEA elkarteko kide diren 1.200dik gora enpresen eskuetan enpresen kudeatzaile sare berezia jarriko du euskal finantza taldeak, bai eta enpresentzat espresuki sortutako produktu eta finantza zerbitzu bilduma zabala ere, beren behar eta aurreikuspenei erantzuteko.

   Akordioak, gainera, urtero Arabako enpresa ehunari zuzendutako hitzaldi-jardunaldia antolatzeko oinarriak jarri ditu, egunerokotasunari lotuta enpresarientzat baliagarriak diren gaiak aztertzeko xedearekin, beti ere, hizlari eta aurkezleen aldetik "kalitate gorena" bermatuz.

   Hitzarmenak aurreikusten duenez, SEAri bere barne ekitaldi eta jardunaldiak egiteko lokalak eta azpiegiturak utziko dizkio Kutxabankek, eta finantzei lotutako mintegiak edo jardunaldiak antolatuko dira, Kutxabanken eskaintza finantziarioa enpresei hurbildu asmoz.

   SEAko bi ordezkari eta Kutxabankeko beste bi izango dituen binakako batzorde batek egingo ditu hitzarmenaren betetze mailaren jarraipena eta bilakaeraren azterketa.