Kutxabankek Gabonetako erosketak interesik eta komisiorik gabe epeka ordaintzeko kanpaina abiarazi du

Actualizado: jueves, 20 noviembre 2014 16:40

BILBO, 20 Nov. (EUROPA PRESS) -

Kutxabankek "Merkataritza Mailegu" merkaturatu du, mailegu arduratsuen bitartez salmenten pizgarri izateko asmoarekin. Kanpainarekin bat egin duten saltokiek, beren bezeroei Gabonetako erosketak "epe erosoetan" ordaintzeko aukera emango diete, pertsona bakoitzak erabaki ditzakeen epeetan, alegia, %0ko interesekin eta batere komisiorik gabe.

Sustapen honi Euskadi osoko 200 saltoki inguru atxiki zaizkio orain arte, eta Kutxabanken bezero direnentzat "benetan eragiketa oso erraza da". Erantzuna ia bat batean jasoko dute, neurrira egindako mailegua ordaintzeko ezinbestekoa den NAN agiria aurkeztearekin bakarrik. Finantza erakundeko bezero ez direnak ere balia daitezke sustapen honen abantailez, atzeratu nahi duten erosketa beren banka kontuetan helbideratzeko aukera izango baitute. Kasu hauetan, baieztapenak denbora apur bat gehiago behar izaten du (eragiketen %90 lau minututan burutzen da, batez beste).

Kutxabanken "Merkataritza Mailegua" kanpaina abenduaren 31ra arte izango da indarrean. Ekintza honekin bat egin duten euskal saltokiek irudi bereizgarria ipini dute erakuslehioetan, hau da, "%0" ikurra daukan freskagarri lata bat, erosleek jakin dezaten sustapena eskaintzen duen denda dela. Alor desberdinetako saltokiak daude, hala nola optikak, altzarigintzakoak, irudi eta soinu tresnenak, etxe eraberritzeetakoak, etxetresna elektrikoenak edo hortz klinikak.

Finantza erakundeak jakinarazi duenez, 200 saltokiak geografikoki non dauden eta zer eskaintzen duten jakiteko modurik errazana Kutxabankek bere web orrian ezarri duen geolokalizatzailea kontsultatzea da. Aplikazio erabilterraz honen bitartez jarduera mota eta jakin nahi dugun herria berehala kontsulta daitezke.