Kutxabanken banka mugikorrak 100.000 bezero berri izan ditu 2016an

Kutxabanken egoitza bat
Europa Press
Actualizado: lunes, 30 enero 2017 12:52

BILBO, 30 Ene. (EUROPA PRESS) -

Kutxabank erakundearen banka mugikorrak 278.500 erabiltzaile aktibo zituen 2016. urtea bukatzean, hau da, aurreko urtean baino 100.000 gehiago. Gainera, 391.000 lagunek sakelakoko telefonoetan Kutxabanken aplikazioa jarria dute dagoeneko, eta horrela, 2015. urtearekin alderatuta, deskargak %52 hazi dira.

Kutxabankek jakinarazi duenez, 2016. urtean abian jarri zituen baliabide teknologiko berriek aintzatespen maila handia izan dute, "eta horrek nolabait erakusten du bezeroen ohitura eta jokabideak nola ari diren aldatzen".

Aurrerakada hau Kutxabanken bezeroek smartphone gailuen bidez egin dituzten eragiketen bolumen osoan ere nabaritu da. Telefonotik bertatik egin daitezke trasferentziak, traspasoak, ordainagirien ordainketak, baloreen salerosketak, txartelen kudeaketa edo sakelakoen karga. Horrela, joan den urte osoan zehar, banka mugikorrean 745 milioi eurotik gorako eragiketa kontableak egin ziren, 2015ean baino %56 gehiago.

Finantza erakundearen arabera, bilakaera honetan "erabakigarria" izan da Kutxabankek bere banka mugikorrean eragiketa berriak egiteko aukerak jarri izana, batik bat mailegu pertsonalak eskatzeko aukera. Izan ere, urrian baliabide hau zabaldu zenetik, "hazkundea askoz ere nabarmenagoa izan da".

Halaber, taldearen baliabide teknologikoetan bezeroek jarri duten konfiantza "gero eta handiagoa" dela nabarmendu du, bere Interneteko zerbitzu guztiek jaso zituzten sarreren %60, mahaiko ordenagailu edo tabletak erabilita egin beharrean, sakelako telefonoen bitartez egin izanak erakusten duenez.

"Kanal teknologiko berriok oso erabilerrazak, seguruak eta erosoak dira. Horregatik gero eta bezero gehiago ia on line bakarrik aritzen da. Kutxabanki dagokionez, batez bestekoa hiru puntu hazi da azken urtean, eta egun %32an da", azaldu du.