Lanbide Heziketa "krisitik ateratzeko tresna egokiena" dela esan du Celaak ikasturtearen inaugurazioan

Actualizado: miércoles, 5 octubre 2011 18:19

DONOSTIA, 5 Oct. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburu Isabel Celaak inauguratu du gaur, urriaren 5ean, Lanbide Heziketaren (LH) ikasturte berria, Elgoibarko (Gipuzkoa) Makina-Erremintaren Institutuan. Bere hitzaldian Celaak adierazi duenez, LH "krisitik ateratzeko tresna egokiena da", eta horregatik, hau "bere ikasturtea" izango dela azpimarratu du.

"Erronka horri erantzuna ematen saiatu gara 2011-2013ko III. Lanbide Heziketako Euskal Plana eginez eta, orain, bizitza osoan zehar egin beharreko Ikaskuntzaren Legearekin, Eusko Legebiltzarrera bidali aurretik azken urratsak ematen ari dena", zehaztu du.

Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako sailburuorde Carlos Crespo, Lanbide Heziketako zuzendari Mari Jose Madariaga, sektoreko zenbait enpresatako, LHko Euskal Kontseiluko, ADEGI Gipuzkoako Enpresarien Elkarteko eta Ikaslan eta Hetel Euskadiko Makina-Erremintako fabrikatzaileen elkarteko zuzendariak sailburuarekin egon dira ekitaldian eta Makina-Erremintaren Institutuaren instalazioetara geroago egin duen bisitan.

"Gure erronka lan-merkatua nazioartekoa izatea bada, gure ikasleek ingelesa jakin behar dute eta ekintzaileak izan behar dira", azpimarratu du Celaak bere hitzaldian. Zentzu horretan, nahi duten erdi edo goi mailako LHko 2. kurtsoko ikasle guztiek klase-orduetatik at errefortzu-klaseak izango dituzte, ingelesa hobetzeko eta, horrela, haien mugikortasunari laguntzeko.

Ikasturte honetan 30.000 ikaslek baino gehiagok ikasiko dute hezkuntza-sistemako LH, eskaintza osoan. Haietatik 12.000k baino gehiagok erdi mailan egingo dituzte ikasketak, 18.000k baino gehiagok goi mailan, eta azken urteetan izan den goranzko joerari eutsiko zaio.

LH malguan ariko diren 7.000 iokasleak gehitu behar zaizkie horiei guztiei. Azken modalitate honetarako online zentroa hasi da funtzionatzen ikasturte honetan, sei espezialitatetako 26 modulurekin, eta, dagoeneko 1.153 ikasle matrikulatu dira.

Bestalde, aurreikuspenen arabera, 2.870 pertsonari egingo zaie gaitasuna ezagutzeko dispositiboa 2011-2012 ikasturtean. Pertsona horiei informatu, orientabidea eman eta ebaluatuko zaie, lan-esperientziaren bidez eskuratutako trebetasunak ezagutu ahal izateko. Gainera, ez dituzten gaitasun horiek eskuratu ahal izateko behar diren prestakuntza-ibilbideak diseinatu eta erraztuko dira, horrela profesionaltasunaren ziurtagiriaren edo behar den titulazioa lor dezaten.

16 TITULU BERRI

Lanbide Heziketako 16 titulu berri ezarri dira eta, horrekin, 101 titulu eta trebakuntzen katalogoan oinarritutako 177 profesionaltasunaren ziurtagiri izatera iritsi da prestakuntza-eskaintza. Horrek 1.305 prestakuntza-jarduerak osatutako katalogo modular bat eratzen du.

Euskadin 10.007 ikaslek egiten dute lantokietako prestakuntza, 6.856 enpresarekin egindako hitzarmenen bidez. Halaber, 508 enpresarekin egin dira kanpoan prestakuntza jasotzeko hitzarmenak eta 1.000 ikasle baino gehiago dira haien onuradunak.

Ikasleen eta irakasleen enpresetako prestakuntza sustatuko dela eta ekoizpen-sistemako pertsonal profesional trebatuari irakaskuntza-funtzioetan parte hartzeko erraztasunak emango zaizkiola iragarri du Hezkuntza sailburuak.

Halaber, enpresa-sareak eskatzen dituen prestakuntza- eta trebakuntza-premiak antzemateko mekanismoak finkatuko dira, trebakuntzen katalogoa etengabe gaurkotuta eta produkzio-sistemaren premietara beti egokituta izateko. Gainera, Sailaren eta enpresen artean teknologiaren, pedagogiaren eta kudeaketaren esparruetan batera egindako proiektuak jarriko dira martxan, euskal LHren identitate-ikurra diren aldetik.