Lanbide Heziketako 570 bat ikaslek parte hartuko dute aste honetan Ikasenpresa biltzarrean

Ikasenpresa biltzarra
IREKIA
Actualizado: lunes, 11 diciembre 2017 11:52

BILBO, 11 (EUROPA PRESS)

Euskadiko Lanbide Heziketako 570 ikasle inguruk Ikasenpresa biltzarraren lehen edizioan parte hartuko dute aste honetan. Lanbide Heziketako ikastetxeetan Ikasenpresa programan parte hartzen ari diren ikasleak izango dira parte hartzaileak. Ikasleen artean ekintzailetza eta ekintzaile kultura sustatzen ditu programa honek.

Biltzarraren leloa "Izan ekintzaile!" da, eta lehen bi saioak Donostiako Tabakaleran izango dira, asteartean eta asteazkenean, abenduaren 12an eta 13an, 111 eta 128 ikasleren parte hartzearekin, hurrenez hurren. Ostegunean eta ostiralean, abenduaren 14an eta 15ean, biltzarra Bizkaira lekualdatuko da, Barakaldoko BIC Ezkerraldea zentrora, eta 111 eta 100 ikaslek parte hartuko dute saio bakoitzean, hurrenez hurren. Azkenik, abenduaren 18an, 120 ikaslek parte hartuko dute Gasteizko Europa Jauregian egingo den saioan.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak jakinarazi duenez, Ikasenpresa biltzarra ikastetxeetan ekintzailetza kultura lantzen ari diren ikasleen bilgune bihurtuko da datozen egunotan. Ekimenaren helburu nagusia sareko lankidetza sustatzea da. Horregatik, ikasleak elkarrekin lanean aritzeko elkartuko dira zenbait tailerretan parte hartzeko: "Gure Ikasenpresa", "Nire ametsa", "Biziraupenerako finantzak", "Nire lan mundua eraikitzen" eta "Ikasenpresa kafea".

Hezkuntza Sailak honako erakunde hauekin lankidetzan antolatu du Ikasenpresa biltzarra: Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko foru aldundiekin, Gasteizko Udalarekin eta Araba, Bizkaia-Ezkerraldea eta Gipuzkoako BIC zentroekin. Saioak goizez izango dira, 08:15etik 14:15era.

IKASENPRESA PROGRAMA

Ikasenpresa ekintzailetza kultura sustatzea helburu duen hezkuntza programa bat da, eta ikasleek ekinez ikasten dute ekintzaile izaten. 2005ean sortu zen Hezkuntza Sailaren Lanbide Heziketako Sailburuordetzaren ekimenez, eta Tknika Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntzako Zentroak koordinatzen du. 2017-2018 ikasturtean Euskadiko 78 ikastetxetan ari da aplikatzen, 4.500 ikasleren parte hartzearekin.

"Horretarako, enpresa sorkuntza erabiltzen da ikaskuntza tresna gisa, ikasleen konpetentziak garatzeko helburuarekin, eta haiek profesional onak bihurtzeko, pertsona aktibo eta ekintzaileak, lan merkatu aldakorrari eta ezegonkorrari aurre egiteko gai izango direnak. Ikasleek autoenplegua ere aukera gisa ikus dezaten sentsibilizatzea ere bada Ikasenpresaren helburua", azaldu du Hezkuntza Sailak.

Ikasenpresak "hezkuntza testuinguru berritzaile bat" sortzen du eta ikaskuntza metodologia batez ere praktikoa erabiltzen du, ikasleak gero lan merkatuan aurrean izango dituzten egoera edo arazoei aurre egitera behartzen dituena.

Programa Euskaditik kanpora ere hainbat aitorpen jasotzen ari da: Unescoren Unevoc heziketa tekniko espezializatu eta profesionalerako zentroak) Etorkizun Handiko Praktika gisa hautatu du programa; Txileko Santiagoko Unibertsitateko Lanbide Heziketako zentroak, Tknikan prestakuntza jaso ondoren, Ikasenpresan oinarritutako programa bat ari dira ezartzen bere ikastetxeetan.

Azkenik, joan den azaroan, Ikasenpresa programaren material didaktikoak I-LINC komunitatearen Jardunbide Egokien Lehiaketan aitorpena jaso zuen. I-LINC enplegagarritasuna, ekintzailetza eta konpetentzia digitalen alorretan interesa duten Europako eragileak harremanean jartzen dituen plataforma irekia da.