Lanbide Heziketako erretiratuek esperientziaren eta ezagutzaren ekarpena egingo diete ikastetxeei

Zahar eta Gazte elkartea aurkezteko prentsaurrekoa eman dute
IREKIA
Actualizado: jueves, 14 enero 2016 13:30

DONOSTIA, 14 (EUROPA PRESS)

   Zahar eta Gazte Euskadiko Lanbide Heziketako Ikastetxe Publikoetako irakasle erretiratuen elkarte berria aurkeztu dute ostegun honetan Donostian. Elkarteko kideen eskarmentua oinarri hartuta, Lanbide Heziketako ikastetxe, irakasle eta ikasle ekintzaileekin lanean aritzea dute helburu, euren esperientziaren eta ezagutzaren ekarpena eginez ikastetxeetan.

   Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako Sailburuordetzaren babesa jaso duen ekimen berria Jorge Arevalo sailburuordeak aurkeztu du, elkarteko presidente Jose Mari Larrañaga eta presidenteorde Ina Larrañaga ondoan zituela.

   Euskal Lanbide Heziketako erretiratu talde batek sortu du Zahar eta Gazte elkartea. Erretiroa hartu ondoren ere Lanbide Heziketako ikastetxeekin nahiz bertako irakasleekin elkarlanean jarraitzea dute helburu, bai eta euren enpresa sortzeko pausoak ematen ari diren ikasle ekintzaileei laguntzea ere.

   Azken finean, profesional horien potentziala baliatu nahi du ekimenak, denbora asko eskatzen ez duten proiektu txikiak aurrera ateratzeko, ikastetxearen, bertako sailen eta sistemara sartu berri diren gazteen lagungarri. Sistematik irteten ari diren langileen eskarmentua baliatu nahi da, atzetik datozenen mesederako.

   Aurkezpenean, Jorge Arevalo sailburuordeak gogorarazi du ondorengo urteetan erretiro asko izango dela Lanbide Heziketako irakasleen artean, "esperientzia handia duten irakasleak, eta gure ekonomiarentzat nahiz enpresentzat funtsezko lana burutzen dutenak". "Irtetera doazen kide horien ezagutza ez galtzea da hemen gakoa", azpimarratu du.

ESPERIENTZIA GUNEAK

   Horregatik, "esperientzia guneak" deitu die gisa honetako ekimenei. "Zer egin dezakegu profesional horiek duten esperientzia transferitu ahal izan dezaten edo ezagutza hori ikastetxean utz dezaten erretiroa hartu ondoren? Horretarako esperientzia guneak sortuko ditugu", azaldu du.

   Espazio horiei esker, erretreta hartu duten irakasleek ikastetxeetako proiektuetan parte hartu ahal izango dute, ikasleen ezagutza maila hobetuko duten proiektuetan, hain zuzen, "batez ere, institutuetara sartzen ari diren irakasle gazteei laguntza emateko aukera izan dezaten".

   Arevalok pauso garrantzitsutzat hartu du ekimen hau, bereziki trebetasun eta gaitasunen alorrean, eta Lanbide Heziketa egiten ari diren ikasleek beharrezko gaitasun eta trebetasunak har ditzaten "esperientzia handia duten irakasleak" daudela nabarmendu du.

   Zahar eta Gazte elkarterako modukoak dira, esaterako, World Skills lehiaketetan ikasleen entrenatzaile aritu eta erretiroa hartu ondoren ere zeregin horretan jarraitu nahi duen irakaslea; ikastetxean proiektu teknologiko bat garatzen lagun dezakeen irakasle erretiratua; irakasle gaztearen tutoretza lana egin dezakeena; edo UrratsBat programaren bidez bere enpresa sortzen ari den edo dagoeneko sortu duen ikaslearen aholkulari izan nahi duena.

LEGE BABESA

   Ekimenaren sortzaile eta bultzatzaileek duela zenbait urte hartu zuten erretiroa, baina ekinean jarraitu dute, lan egin duten Lanbide Heziketako ikastetxeekin harremanik galdu gabe, eta eskatutako guztietan lanerako prest. Orain, Zahar eta Gazte elkartea sortzeak beharrezko lege babesa ematen dio euren jardunari, nahiz eta musutruk jarraitu.

   Zortzi lagunek osatutako zuzendaritza taldea dago Zahar eta Gazte elkartearen arduran, guztiak ere Lanbide Heziketaren arloan hiru hamarkadatik gorako esperientziadunak. Dagoeneko Estatutuak ere onartuak dituzte eta ekimenera elkartuko zaizkien kide berrien bila hasi dira orain. Horregatik, erretiroa hartu duten edo hartzear diren Lanbide Heziketako irakasle nahiz zuzendariei luzatu diete gonbidapena, elkartera hurbildu daitezen.

   Halere, Zahar eta Gazte elkarteak poliki ekin nahi dio bideari, proiektu zehatzak garatuz. Beraz, ikastetxeen lankidetza ere eskatu dute, ekimen hau eraginkorra izango bada ikastetxeetan eta hauen beharretan izan behar baitu abiapuntua. Ikastetxeak dira, azken finean, zein elkarlan mota sustatu nahi duten ondoen dakitenak. Beraz, zentroek esku artean dituzten eta erretiratutako profesionalen laguntzaz garatzeko moduko proiektuen berri jaso nahi lukete.