Lanbide Heziketaz aritu dira Jaurlaritza eta Europako Batzordea

Euskal Lanbide Heziketaz aritu dira Bruselan
IREKIA
Actualizado: miércoles, 3 febrero 2016 14:46

BILBO, 3 (EUROPA PRESS)

   Jorge Arevalo Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako sailburuordea Detlef Eckert Europako Batzordeko Enpleguko zuzendariarekin eta Slawomir Tokarski Lanbide Heziketako eta Berrikuntza eta Fabrikazio Aurreratuko zuzendariarekin bildu da asteazken honetan Bruselan. Jaurlaritzaren eta Europako Batzordearen arteko erakunde lankidetzaren barruan egin dituzte bilerak, IV. Euskal Plana abiarazi ostean Euskadiko Lanbide Heziketan lortzen ari diren emaitzak aztertzeko.

   2015eko urtarrilean Arevalok lehen bilera izan zuen Bruselan aipatutako zuzendariekin, eta Euskadiko Lanbide Heziketan bultzatzen ari diren aldaketa sakonen ezaugarri nagusiak azaldu zizkien. Azken urteetan, Eusko Jaurlaritzako eta Lanbide Heziketako Europako arduradunen arteko harremana etengabea izan da, Lanbide Heziketaren modernizazioari dagokionean.

   Asteazken honetako lehen bilera goizean goizetik izan da, Europako Batzordeko Enpleguko zuzendari Detlef Eckertekin eta Europako Batzordeko Lanbide Heziketaren arduradun Joao Santosekin, eta abian jarritako prestakuntza, berrikuntza eta ekintzailetzako eredu berriaren barruan egindako ekintzak eta lortutako emaitzak azaldu ditu Arevalok bileran.

   Euskadin enpresen lehiakortasun beharrei zein pertsonen enplegagarritasun premiei erantzuteko eskainitako nahierako espezializazio programei buruzko datu zehatzen berri eman die sailburuordeak. Lanbide Heziketako zentroek enpresa txiki eta ertainei berrikuntza aplikatuaren arloan produktuak, prozesuak eta zerbitzuak hobetzeko emandako laguntzaren orain arteko emaitzak ere azaldu eta jakinarazi dizkie. Horrez gain, Lanbide Heziketako zentroen kultura ekintzaileari zein enpresa sorreraren dinamizazioari buruzko azken datuen berri ere eman du.

BERRIKUNTZA ETA FABRIKAZIOA AURRERATUA

   Bilera horren ostean, agendan aurreikusitako bigarrena izan da, Europako Batzordeko Hazkunde Enpresako Zuzendaritza Nagusiko Berrikuntza eta Fabrikazio Aurreratuko zuzendari Slawomir Tokarskirekin. Europako Batzordeko Hazkunde Enpresako Zuzendari Nagusiaren Unitateko buruondoko Mark Nicklas ere izan da hitzorduan.

   Fabrikazio Aurreratuaren eta Industria 4.0 esparruan gaitzeko beharrezko diren jakintzak eta gaitasunak eraldatzearen arloan Euskadin garatzen ari diren ekintzak jakinarazi dizkie sailburuordeak bileran. Ekoizpenaren arlo horretan bertan Eusko Jaurlaritzaren eta AEBetako Minnesota estatuaren artean bultzatzen ari diren lankidetza planaren berri ere eman die.

"OSO INTERESATURIK"

   Lehen bileratik irten ondoren, Jorge Arevalo sailburuordeak azaldu du Europako agintariak "oso interesaturik" daudela Euskadiko Lanbide Heziketaren bilakaera eta emaitzak ezagutzeko.

   "Ikasleen nahierako prestakuntzak, formazio dualari eman diogun ikuspegiak, edo proposatzen dugun barne antolaketak aldaketa sakonak eragin dituzte. Euskadiko Lanbide Heziketaren Nazioarteko Campusa martxan ipini izanak ere arreta eta interesa pizten die. Campus honen bidez herrialde askorekin ari gara elkarlanean, hainbat lekutako ikasle eta irakasleak jasotzen ditugu, eta haien esperientziak ezagutzen ditugu", azaldu du.

   Halaber, arratsaldean, Tibor Navracsics Komisarioaren Kabinete buruarekin izango du bilera Arevalok. Bertan, Euskadin Lanbide Heziketarako eta Etengabeko Ikaskuntzarako aurreikusia dagoen agenda azalduko ditu. Era beran, bi erakundeen arteko lankidetzarako esparru berriak ere aztertuko dira.

   Bileran parte hartu duten arduradun europarrek eskertu egin dute emandako informazio guztia. Hemendik aurrera ere Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean aritzeko interes sendoa agertu dute, halaber, guztion artean Europako Lanbide Heziketaren kalitatea bultzatzearren.

   Gaur egun, Ikaskuntzarako Europako Aliantzako kidea da Euskadi (horrekin bat egin zuen lehen eskualdea izan zen), eta Europako EARLALL sareko burua da 2014tik (irabazi asmorik gabeko nazioarteko elkartea 2001ean sortu zen, eskualdeetako gobernuen ekimenez, eta bizitza osoan zeharreko ikasketaren arloan lankidetza sendoak gauzatzea du helburu).