Lanbidek datuak trukatzea proposatuko die udalei, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta hobeto kudeatzeko

Actualizado: jueves, 23 febrero 2012 14:53
cia" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 23 (EUROPA PRESS)

   Lanbide Enplegurako Euskal Zerbitzuak informazioa trukatzeko lankidetza-hitzarmenak sinatzea eskainiko die Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) udal guztiei, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE), Etxebizitza Gastuetarako Prestazio Osagarria (EGPO) eta Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (GLL) modu eraginkorragoan kudeatzeko. Erakundeen arteko akordio horren helburua prestazio ekonomiko horietako bat eskatzen duten herritarrei izapideak arintzea eta izan litezkeen iruzurren kontrol eraginkorragoa lortzea da.

   Horrela, betiere indarreko legeria betez, akordioa sinatzen duten udalek DBE eta EGPOaren titular eta onuradunen errolda-mugimenduen berri emango liokete Lanbideri, bi prestazioak modu egokian izapidetu daitezen. Aldi berean, sinatzen duten udaletako bakoitzean bizi diren prestazio horien hartzaileen datuak emango lituzke Lanbidek. Informazio horri esker arinago izapidetuko lirateke udalaren gizarte-zerbitzuetan kudeatzen diren GLLen eskaerak, eskatzaileek ez luketelako Lanbidera jo beharko ziurtagiriak lortzeko.

   Egun, Lanbidek sinatuta dauka era horretako hitzarmen bat EAEko udal batekin, Gasteizko Udalarekin, hain zuzen ere. Udalerri horretan, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten 6.000 pertsonatik gora daude.

   "Proposamen horrekin baliabide publikoak hobeto kudeatu nahi ditugu, eta aldi berean uste dugu izan litezkeen iruzur-kasuen aurka borrokatzeko beste tresna bat izango dela", adierazi du Javier Ramos Lanbideko zuzendari nagusiak.

   Horrez gain, Ramosek azpimarratu duenez, "Lanbidek prestazio horiei prestigioa emateko helburua dauka, hartzaileen lan-aktibazioaren bitartez, eta iruzurraren profesionalak sistematik atereaz, prestazioa benetan behar duenak jaso dezan".

   "DBEren eta EGPOren kudeaketa osoa edukita, sistemak sarbidea eta irteera izatea nahi dugu, inor subsidioan kroniko bihurtu ez dadin, hartzaileei lan-merkatura sartzeko aukerak emanez", nabarmendu du Lanbideko zuzendari nagusiak. Pentsiodunak lan-aktibazioko prozesutik kanpo geratuko dira.