Lanbiden lorturiko akordioa berretsi du Eusko Jaurlaritzak

Actualizado: martes, 13 octubre 2015 13:32

GASTEIZ, 13 (EUROPA PRESS)

   Eusko Jaurlaritzak eta LAB, CC.OO. eta UGT sindikatuek Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren Mahai Sektorialeak lortutako akordioa berretsi du astearte honetan Gobernu Kontseiluak. Horri esker, enplegu publikoari eta erakunde autonomoan gaur egun lan egiten duten pertsonen soldata mailari eutsi ahal izango zaie, Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak prentsaurrekoan nabarmendu duenez.

   Akordioa joan den irailaren 30ean sinatu zuten Eusko Jaurlaritzak eta LAB, CC.OO. eta UGT sindikatuek -Lanbideko langileen %70 ordezkatzen dute-. ELA sindikatuak ez sinatzea erabaki zuen, bere afiliatuei galdetu ondoren.

   Akordioarekin Euskal Enplegu Zerbitzuaren egitura berrantolatzeko prozesua amaitu da. Berrantolaketaren helburua modernizatzea, jasangarritasuna bermatzea eta euskal herritarren uneko enplegu eta prestakuntza beharrei erantzutea da. Horrela, urriaren 1etik, lanpostuen zerrenda berria dute Lanbideko langileek; zerrenda berriak 918 postu ditu, aurrekoak baino 104 gehiago, hots, %12,77 gehiago.

   Erkoreka gogorarazi duenez, duela bost urte transferitu ziren enplegu politika aktiboak, eta epe hori igarota, amaitu da Lanbideren berregituraketa, "Eusko Jaurlaritzak kalitatezko enplegu publiko eta egonkorrarekiko duen konpromisoari jarraiki". "Prozesuaren helburuetako bat Lanbideren bitartekotasun tasak txikitzea izan da, bitarteko langileek urteetan lortutako ezagutzak eta abileziak galdu gabe, hau da, administrazioa kapitalgabetu gabe", azaldu du.

   Aurrerantzean, akordioaren arabera, Lanbideko langileek ordainsari osagarri errebalorizagarri bat izango dute, soldata mailari eutsi ahal izateko. Gainera, erakunde autonomoko lan kontratudun langile finkoa funtzionario bilakatzeko prozesua hasiko da 12 hilabeteko epean, eta lan kontratu mugagabedun langileei Euskadiko administrazioan garatu ahal izango diren aldi baterako enplegua finkatzeko prozesuen bitartez beren enpleguari eusteko aukera emango dieten formula guztiak bultzatuko dira.

   Halaber, abenduaren 31ra arte gutxika amaitzen joango diren programetako behin behineko langileei geratzeko aukera ematen saiatuko dira, lanpostuen zerrenda berrian sortu berri dituzten lanpostuen bitartez edo Euskadiko administrazioko lan poltsetan sartuta. Azkenik, Eusko Jaurlaritzak lan orientatzaileen lan poltsa sortzeko hautaketa prozesua antolatuko du, eta horretan aktibo dauden langileak sartuko dira.