Laneki Lanbide Heziketan euskara sustatzeko elkarteak eta Euskaltzaindiak lankidetza hitzarmena sinatu dute

Laneki eta Euskaltzaindiko ordezkariak, hitzarmena sinatu ondoren
Foto: EUSKALTZAINDIA
Actualizado: viernes, 6 junio 2014 14:58
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BIILBO, 6 (EUROPA PRESS)

   Laneki Lanbide Heziketan euskara sustatzeko elkarteak eta Euskaltzaindiak lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur, ekainak 6, Bilbon, Akademiaren egoitzan. Hitzarmenaren ondorioz, bi erakundeak elkarlanean arituko dira euskararen normalizaziorako eta euskal kulturaren zabalpenerako proposatzen diren egitasmoetan.

   Rikardo Lamadrid Lanekiko presidenteak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak sinatu dute akordioa. Julen Elgeta Lanekiko diruzaina, Kepa Altube kudeatzailea, Maite Arozena koodinatailea, eta Xabier Kintana Euskaltzaindiko idazkaria ere sinatze ekitaldian izan dira.

   Laneki Lanbide Heziketan euskara sustatzeko irabazi asmorik gabeko elkartea da. Hetel eta Ikaslan elkarteek sortua, 2001an, Lanbide Heziketarako materialak sortzea, euskaratzea eta erabiltzaileen eskura askotariko euskarrietan jartzea, eta hiztegi tekniko bat sortzea dira bere helburuak. Elkarteak 34.000 ikasle eta Lanbide Heziketako 79 ikastetxe publiko eta hitzarmendun batzen ditu, eta gaur egun D ereduan ikasten duten 8.000 bat ikasleengan eta 3.000 bat irakasleengan eragiten du.

   Hala, euskarazko materiala publikoaren eskura jartzen du, www.jakinbai.eu webgunean. Bertan, 634 material euskaratuta daude eskura, eta material berria ere laster jarriko da, elkarteak sortzen duen heinean. Horrek guztiak sortzen duen corpusa www.jakinbai.eu/hiztegia atalaren glosarioan dago garatuta. Glosario horretan 8.894 kontzeptu, 18.041 termino eta 191.230 testu jasotzen dira.

   Hainbat erakundek laguntza ematen diote Lanekiri bere zereginetan, besteak beste, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako eta Arabako foru aldundiek, Buruntzaldeako eta Debagoieneko Mankomunitateko udalek edota Iralek.

   Euskaltzaindiaren eta Lanekiren arteko hitzarmena sinatzea "benetan pozgarria" dela adierazi dute erakunde biotako presidenteek. Andres Urrutiak azpimarratu du Lanekik egunerokotasunean sortzen dituen lanabes eta materialak, "guztion erabilgarri" bihurtzen direla hitzarmenaren bitartez, Akademiaren corpusak aberastuko dituen materiala baita, eta, "corpus horien bitartez, gizarte osoari emango diogu bere lanaren berri".

   Halaber, Rikardo Lamadridek ere elkarlanaren garrantzia azpimarratu eta hitzarmenaren hiru ildo nagusiak zehaztu ditu. "Batetik, euskara bera gizartera ateratzeko balio duela; bestetik, euskara eta Lanbide Heziketa batzeak esan nahi duela gizarteak baduela aukera euskaraz eman eta jasotzeko; eta hirugarrenik, Lanbide Heziketaren bidez, enpresa mundura hel gaitezke eta enpresa txikiak zein handiak euskaratzen lagundu", azaldu du.

   Besteak beste, sinatuko den hitzarmenaren ondorioz, Laneki elkarteak duen euskarazko testu masa osoa Euskaltzaindiaren eskuetan jarriko du, Akademiak garatzen diharduen Lexikoaren Behatokiaren corpusa aberasteko. Testu masa hori Zientzia eta Teknika egitasmoa elikatzeko ere balia dezake Euskaltzaindiak.

LEXIKOAREN BEHATOKIA

   Lexikoaren Behatokiaren xedea da corpus monitore bat eraikitzea, lematizatua, etiketatua eta linguistikoki anotatua. Corpus monitoreak etengabe hazten dira, urtero testuak gehituz, hizkuntza denboran zehar nola aldatzen ari den ikusteko. Batez ere hiztegigintzan erabiltzen dira. Hazkunde horretan, testuak jasotzeko garaian, irizpide jakin batzuk erabiltzen dira, garai desberdinetako emaitzak konparagarriak izan daitezen.

   Bada beste corpus mota bat, erreferentzia corpusa deitzen dena. Erreferentzia corpusetan hizkuntzaren erabilera mailek, generoek eta gaiek benetako erabileraren araberako pisua behar izaten dute eta oso handiak izaten dira, gutxienez 50 milioi hitzekoak.

   Lexikoaren Behatokia corpus monitorea izan arren, erreferentzia corpus bilakatzeko moduan lantzen da. Horretarako, testu guztiak katalogatzen dira eta ezaugarri batzuekin markatzen, etorkizuneko erreferentzia corpusak behar duen oreka izan dezan. Aurten 43,4 milioi testu-hitz izango ditu eta urtean urtean zortzi milioi inguru hazten da.

   Lan hori guztia egiteko, Euskaltzaindiak hitzarmenak sinatzen ditu, alderdi batetik, testuen hornitzaileekin, bereziki hedabideekin, eta, bestetik, corpusa lantzen duten hiru erakundeekin: UZEI, Elhuyar eta EHUko Informatika Fakultateko IXA taldearekin.

ILDO NAGUSIAK

   Hitzarmenaren gainontzeko ildoei dagokienez, Laneki elkarteak sortzen dituen materialetan, bai eta antolatzen dituen ikastaro, jardunaldi, mintegi, aholkularitza, eta bereziki hizkuntzaren jakiteari zein erabilerari dagokien prestakuntzan ere, Euskaltzaindiaren gramatika, lexiko, ortografia, onomastika eta euskalkien erabilerari buruzko irizpideak aintzat hartu eta hauek zabaltzeko moduak landuko ditu.

   Halaber, elkarteak Euskaltzaindiari egingo dizkio gramatika, lexikografia, ortografia, onomastika eta euskalkien erabileraren inguruko kontsultak eta iradokizunak, eta Euskaltzaindiak kontsulta horiei erantzuna eman edota bideratuko ditu.

   Bi erakundeok kaleratzen dituzten argitalpenak elkarren artean trukatzeko konpromisoa hartu dute, bai eta euskararen jakitean, erabileran zein haren aldeko sustapenaren ikerketan, dibulgazioan eta sentiberatzean egitasmoak partekatzekoa ere.

   Helburu hauek lortzeko, Laneki elkarteak eta Euskaltzaindiak Jarraipen Batzordea sortuko dute, erakunde bakoitzeko bina kide izango dituena. Hitzarmenak bost urteko iraupena izango du.