Lanestosako Las Lindes mendian erori zen gizon bat aurkitu dute ostegun goizaldean

Actualizado: jueves, 28 agosto 2014 11:46

BILBAO, 28 Ago. (EUROPA PRESS) -

Bizkaiko Lanestosa herriko Las Lindes mendian lagun baten ardiak biltzen ari zen bitartean erori zen 58 urteko gizonezkoa aurkitu dute ostegun goizaldean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ostegunean jakinarazi duenez.

Gertaera asteazkenean, 23.00ak pasata, hasi zen; izan ere, herritar batek 112 Sos-Deiak Larrialdietako zerbitzura deitu zuen, jakinarazteko Lanestosako mendi inguruetan lagun bat erori zela, bere jabetzakoak diren ardiak biltzen ari zen bitartean.

Komunikatzailea oso kezkatuta zegoen. Erorikoaren ondoren, lagunari telefonoz hainbat aldiz deitu ostean, ez zion erantzuten.

Gertaeraren berri izan bezain pronto, gizona bilatzen hasi ziren. Bilaketa horretan Balmasedako Zaintza Unitateko patruila batek, Ertzaintzako Zaintza eta Erreskate Unitateko mendi-taldeko hainbat baliabidek, Ertzaintzako Txakurren unitateak, Karrantzako Babes Zibileko boluntarioek eta Gurutze Gorriko nahiz DYAko boluntarioek parte hartu zuten. Erreskate-lanak Eusko Jaurlaritzako Larrialdi Arretarako teknikari batek koordinatu ditu.

Azkenik, 58 urteko gizonezkoa ostegun goizaldean aurkitu dute, mendigune batean, sastrakaz beteriko malda batean, hain zuzen. Ertzaintzako eta Gurutze Gorriko kideek gizonari Las Lindes menditik jaisten lagundu ondoren, Gurutze Gorriko anbulantzia batean artatu dute. Horren ostean, gizona Gurutzetako Unibertsitate Ospitalera eraman dute zehatzago azter dezaten.