Langabeen prestakuntza osatzera 395.000 euro bideratuko du Gipuzkoako Euskara Zuzendaritzak

Agerraldian izan diren ordezkariak
GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Actualizado: jueves, 21 febrero 2013 14:49

Deia egin dio Eusko Jaurlaritzari euskalduntzea doakoa izan dadin ahalegina egin dezan


DONOSTIA, 21 Feb. (EUROPA PRESS) -

Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara Zuzendaritzak 394.543 euroko diru-laguntza emango du 2013. urtean, bereziki euskarazko prestakuntza osatu nahi duten langabeei zuzenduta. Hala eskatzen duten udalen bidez bideratuko dira laguntzak.

Modu honetan, Euskara Zuzendaritzak aurtengo laguntza kopururik handiena euskara ikastera bideratu du. Egoera ekonomiko zaila dela kontuan hartuta, langabeei euskara alorrean trebatzeko aukera hobeak eskaini nahi dizkie Aldundiak.

Hortaz, euskalduntze ikastaroen matrikulazio kostua eta barnetegi moduluetako kostuak murriztu egingo zaizkie euskara ikasleei. Hala eskatzen duten udalek jasoko dituzte laguntzak eta haiek kudeatuko dituzte, eta langabezia egoeran dauden herritarrek lehentasuna izango dute. Modu honetan, lan bila ari diren herritarrei lagundu nahi die Aldundiak, prestakuntza osatu eta euskara gaitasuna hobe dezaten.

Diru-laguntzen berri ostegun honetan eman du Zigor Etxeburua Euskara zuzendariak prentsaurrekoan. "Aldundiak herritarrei euskara ikastea lagundu nahi die eta horretarako erraztasunak eskaini nahi ditu", adierazi du.

Dagoeneko, udal batzuek badituzte beka sistemak herritarren artean euskalduntzeko, eta Gipuzkoako Aldundiak martxan jarritako deialdiak laguntza eskaini nahi die udal horiei. Era berean, Etxeburuak esan du horrelako programak ez dituzten toki erakundeei ere laguntza eman nahi dietela, abian jar ditzaten.

Euskara zuzendariak gogoratu du euskara ofiziala dela eta herritar guztiek dutela euskalduntzeko eskubidea, eta hori dela eta, euskalduntzeak doakoa izan behar duela nabarmendu du. "Helduen euskalduntzean laguntzeko eta eragiteko borondatea du Aldundiak, eta horretarako erraztasunak eman nahi ditugu, nahiz eta jakin hori ez dela Aldundiaren egitekoa, beste erakunde batzuena baizik", azaldu du.

Gipuzkoak egindako ahalegina kontuan hartzeko eskatu dio Euskara zuzendariak Eusko Jaurlaritzari, eta horrela, 2013rako aurrekontuak zehazten ari dela kontuan hartuta, dei egin dio bere egitekoa bete eta euskalduntzea doakoa izan dadin ahalegina egin dezan.

EUSKALTEGIEN PROPOSAMENA

Bestalde, Gipuzkoako euskaltegietako ordezkariek proposamen sorta plazaratu dute prentsaurrekoan, helduen euskalduntzea sustatzeko eta euskararen erabilera bultzatzeko. Gipuzkoako euskaltegi homologatuen izenean Borja Arbelaitzek hitz egin du, eta udal euskaltegien izenean Gurutze Arrietak.

"Gipuzkoako euskaltegietako ordezkariok dei egiten diegu herrialdeko eta Euskal Herri osoko erakunde desberdinei euskararen egoeraren normalizazioan urrats sendo, bateratu eta adostuak eman ditzaten", adierazi dute. Elkarlanerako prest eta zain daudela berretsi dute.

Agerraldian, Gipuzkoako hainbat euskaltegiko ordezkariak izan dira: AEK, Maizpide, Udal Euskaltegiak eta Batuz sareko Altza, Herri Jakintza, Hitzez, Ilazki, Legazpi 6, Urrats eta Urumea euskaltegiak.