Lankidetza garatu eta areagotzeko hitzarmena sinatu dute Ertzaintzak eta Bavariako Poliziak

Ertzaintzaren eta Bavariako Poliziaren arteko akordioa
ERTZAINTZA
Actualizado: miércoles, 19 abril 2017 17:07

BILBO, 19 (EUROPA PRESS)

Ertzaintzak eta Bavariako Poliziak adierazpen bateratu bat sinatu dute asteazken honetan Europar Batasunaren esparruan bi erakundeetako polizia zerbitzuen arteko lankidetza areagotzeko. Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak eta Joachim Herrmann Bavariako Gobernuko Herrizaingo ministroak sinatu dute akordioa, Munichen, Jorge Aldekoa Ertzaintzaren burua eta Thomas Hampel Bavariako Estatu Federaleko Poliziaren inspektorea bertan zeudela.

Duela hilabete Anbereseko Poliziarekin sinatutakoari batu zaio akordioa. Gainera, agiria sinatuta, 1995ean Ertzaintzak eta Bavariako Estatu Poliziak sinatutako akordioa berritu da, Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

Hitzarmenaren helburuetako bat esperientziak trukatzea da, delitugintzaren aurkako borrokaren eta prebentzioaren esparruan eta segurtasunaren eta ordena publikoaren arloko polizia lanetan eta, bereziki, nazioarteko terrorismoaren, krimen antolatuaren, lapurtutako ibilgailuen trafikoaren eta dokumentuen faltsutzearekin eta sorgorgarriekin zerikusia duen delinkuentziaren aurkako borrokaren arloan.

Dokumentuan jaso da irakaskuntzaren eta prestakuntzaren arloko esperientziak trukatzeko eta, bereziki, irakaskuntzako eta prestakuntzako programak eta horietako edukiak antolatzeko lankidetza ere. Era berean, testuan informazio truke hori teknologia berrietara, zuzendaritza erremintetara eta baliabide berezietara ere hedatzen da. Ildo berean, bakoitzaren polizia instalazioetara bisitaldiak egiteko beharrezko mekanismoak ere jaso dira.

Adierazpen bateratuan, Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eta Bavariako Herrizango Ministerioak hitzeman dute polizien arteko lankidetza areagotuko dutela, Europaren bateratze prozesu progresiboaren baitan dituzten interes bateratuetan oinarrituta, Europar Batasunean askatasuna, segurtasuna eta justizia sendotzeko, aurretik izan diren lankidetza bideak baloratu eta kontuan hartuta eta bi gobernu autonomoek nahiz euren estatuek nazioartean dituzten betebeharrak errespetatuta.