Larrialdi kimikoaren sirenen sarea aktibatzeko ariketak egingo dira aste honetan

Larrialdi kimikoaren sirenak aktibatuko dira aste honetan
IREKIA
Actualizado: lunes, 9 octubre 2017 10:29

BILBO, 9 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak eta Aveq-Kimika enpresa kimikoen euskal elkarteak ariketa batzuk egingo dituzte aste honetan, larrialdi kimikoaren sirenen sarea aktibatzeko. Ariketak astelehenean, asteartean eta asteazkenean izango dira, urriaren 9an, 10ean eta 11n, eta Hernani, Muskiz, Abanto-Zierbena, Zierbena, Getxo, Santurtzi, Portugalete eta Lantaron hartuko dituzte eraginpean.

Jaurlaritzak jakinarazi duenez, lehen ariketa Hernanin (Gipuzkoa) egingo da, eta helburu nagusia izango da hurbileko biztanleak alarma sistema horretara ohitzea, Seveso araudiaren menpeko industria kimikoetan sor daitezkeen ihes toxikodun istripuei begira. Araudi horrek substantzia arriskutsuak tartean dauden istripu larriak erregulatzen ditu.

Sirenek bi seinale mota igorriko dituzte argi eta entzuteko moduan arrisku gune osoan: bata ihes toxikoagatiko alerta adierazteko eta bestea alertaren amaiera iragartzeko. Alertari hasiera emateak berekin ekarriko du biztanleentzako lehentasunezko babes neurri gisa toki itxian konfinatuta geratzea.

Segurtasun Sailak Kanpoko Larrialdi Plana egin du eta bertan ezartzen dira larrialdietan antolamendua eta giza baliabideak eta baliabide materialak koordinatzeko mekanismoak, betiere beroriek fabrikaren kanpoaldean eraginik badute. Halaber, plan horrek barne hartzen du megafonia bidezko abisuak eginez eta prentsan argitaratutako komunikatuen bitartez eta sare sozialen bidez biztanleak ohartarazteko modua.

Sirenen helburua abisu sistema hori indartzea da eta alertaren berri berehala ematea da, eragindako udalerrietako biztanleek istripuetarako oinarrizko autobabes aholkuak balia ditzaten.

2004TIK

Sirenak ezartzeko prozesua 2004an Lantaronen hasi zen eta 2005ean Muskizen, Abanto-Zierbenan eta Zierbenan jarraitu zuen. Pixkanaka hedatzen joan da eta hirugarren fasea 2006an Hernanin burutu zen. Azkenik, Bilboko Portuaren esparrua izan zen sirenak instalatu ziren azken tokia, 2009an.

Sirenen aktibazio simulatuaz gain, Aveq-Kimika elkarteak eta Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak komunikazio kanpaina martxan jarri dute industria kimikoetatik gertu dauden biztanledun guneetan. Ekintza horien bidez nahi da biztanleek industria jarduera hori eta eragin ditzakeen arriskuak ezagutzea eta, bereziki, istripu bat gertatuz gero nola jokatu jakitea.