Lau gizon atxilotu dituzte Gasteizen azken egunetan genero indarkeriagatik

Actualizado: miércoles, 2 enero 2013 15:05

GASTEIZ, 2 Ene. (EUROPA PRESS) -

Gasteizko Udaltzaingoak lau gizonezko atxilotu ditu joan den abenduaren 30etik genero indarkeriako ustezko delituak egotzita. Atxilotu biri bikotekideei erasotzea leporatu diete, eta beste biei urruntze aginduak urratzea.

Horrela, Gabon zahar egunean, emakume batek Udaltzaingoari deitu zion bere bikotekideak jo egin zuela adieraziz eta beldur zela esanez, Gasteizko Udaltzaingoak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez.

Udaltzainek egiaztatu zuten emakumeak 35 urteko bere bikotekideak eragindako lesio arinak zituela eta atxilotu eta epailearengana eraman zuten. Patruilak osasun-zentro batera eraman zuten emakumea, eta ondoren polizia-egoitzara, salaketa jartzeko.

Abenduaren 30ean, goizaldeko 4:00ak aldera, lekuko batzuek Udaltzaingoari jakinarazi zioten gizon batek bere emaztea jo zuela eztabaidan aritu ondoren. Emakumeak salaketarik jarri nahi ez zuen arren, agenteek 38 urteko gizonezkoa atxilotu zuten.

Halaber, Urteberri egunean, Gasteizko Udaltzaingoak 29 urteko gizon bat atxilotu zuen, urruntze agindu bat urratzeagatik. Goizeko 10:15 aldera, agenteak gidari bat salatzen saiatzen ari ziren Arriagako Portalea kalean, segurtasun-uhalik ez zeramalako; autoa gidatzen zuen emakumearekin gizon bat zihoan.

Gidaria ez zen gelditu eta udaltzainak bere atzetik joan ziren hiriko kaleetatik. Ibilgailua gelditzea lortu ondoren, dokumentazioa eskatu zioten, eta gizonezkoak emakumezkoarekiko zeukan urruntze-agindua indarrean zegoela egiaztatu zuten. Hori dela eta, atxilotu egin zuten.

Ordu batzuk geroago, 35 urteko gizonezko bat atxilotu zuten Julian Apraiz kalean arrazoi berberagatik. Emakume batek Udaltzaingoari deitu zion eta bertaraturako agenteei esan zien bere bikotekide ohia ere zegoen establezimenduan zegoela, urruntze-agindu bat zeukan arren. Udaltzainek baieztatu zuten agindua indarrean zegoela eta gizona atxilotu zuten.