Leioako Udalak (Bizkaia) eta Euskaltzaindiak herriko toponimiaren liburua argitaratuko dute

Actualizado: miércoles, 13 abril 2011 18:39

BILBO, 13 Abr. (EUROPA PRESS) -

Leioako Udalak (Bizkaia) eta Euskaltzaindiak hitzarmen berri bat sinatuko dute bihar, berriki burutu den herriko toponimia ikerketaren emaitzak bilduko dituen liburua argitaratzeko. Ekitaldia 10:00etan izango da, udaletxean, eta hitzarmena Eneko Arruebarrena Leioako alkateak eta Xabier Kintana Euskaltzaindiko idazkariak sinatuko dute.

Akademiako iturriek adierazi dutenez, azken urteotan, herriko toponimia berreskuratzeko eta normalizatzeko lanean dihardu Leioako Udalak, eta biharko hitzarmena prozesu honen urrats berria izango da. Izan ere, 2009an Udalak eta Euskaltzaindiak lankidetza hitzarmena sinatu zuten, herriko toponimia sendotzeko.

Orain lana burutu da, eta horrek hainbat aldaketa eragin ditu herriko kale, enparantza, parke eta bestelako tokien izenetan. Aldaketa horiek guztiak jasotzen dituen udalerriko mapa berria argitaratu du Udalak, eta herritarren artean banatu. Liburu bat argitaratzea izango da lan honen emaitza berria.