Leioako Umore Azokak 400dik gora eskaera jaso ditu bere 12. edizioan parte hartzeko

Leioako Umore Azokaren kartela
UMOREAZOKA.ORG
Actualizado: lunes, 7 febrero 2011 11:46

BILBO, 7 Feb. (EUROPA PRESS) -

Leioako Umore Azoka - Kaleko Artisten Azokak maiatzaren 12tik 15era arte ospatuko du bere haamabigarren edizioa herri bizkaitarreko kale, enparantza eta espazio publikoetan. Kaleko arteen profesional eta ikuslego zabala biltzen dituen ekimen honetan parte hartzeko 400dik gora eskaera jaso ditu, antolatzaileek adierazi dutenez.

Joan den urtarrilaren 21era arte zabalik egon den deialdira, orotara, 338 erakunde aurkeztu dira. Konpainiekin batera, ordezkari artistiko eta banatzaileek ere euren eskaintzak proposatu dituzte, eta orain, antolatzaileek eta batzorde artistikoak 400dik gora egitasmo aztertu eta baloratu beharko dituzte, azken aukeraketa egiteko eta, hartara, hamabigarren edizioaren programazioa osatuko duten 50 ikuskizunen hautaketa gauzatzeko.

"Hori dela eta, Leioako hitzorduak kaleko arteen sektorean duen garrantzia berretsi du beste behin ere, konpainia eta artista askok ikusleen eta profesionalen aurrean euren proposamen artistikoak aurkezteko Leioa hautatu baitute", nabarmendu dute antolatzaileek.

Jatorriari begira, jasotako proposamenetatik %10 Euskal Autonomia Erkidegotik (EAE) heldu dira, beste %62,2 Espainiako erkidego guztietatik eta gainontzeko %27,8 munduko kontinente ezberdinetatik.

Umore Azoka-Kaleko Artisten Azoka Leioako Udaleko Kultura eta Gazteria Sailak antolatzen du, Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Espainiako Kultura Ministerioaren laguntzarekin. Leioak, lau egunez, antzerkiarekin batera bizitzeko aukera paregabea eskaintzen du, harremanak sortzeko, ideiak elkartrukatzeko, lanak erakusteko eta emanaldiak kontratatzeko aukera eskainiz, antzerkia eguneko 24 orduetan bizi ahal izateko foroa bilakatuz.

Kaleko antzerkia ardatz dela, Umore Azokak urterik urte Euskadiko, Estatuko eta atzerriko konpainia garrantzitsuak ekarri ohi ditu Leioara, obra ugari estreinatuz eta, aldi berean, artista berriei euren lanak erakusteko aukera emanez; horri guztiari esker, azoka gisa finkatu egin da.