Leon Benavente, The Black Lips, Lisa & The Lips eta Guadalupe Plata igaroko dira Aste Nagusian Bilboko Kafe Antzokitik

The Black Lips taldea
KAFE ANTZOKIA

BILBO, 14 Ago. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Kafe Antzokiak kontzertuen egitarau oparoa prestatu du aurten ere Aste Nagusirako, eta horrela, abuztuaren 16tik 23ra, Leon Benavente, The Black Lips, Lisa & The Lips, Kurt Vile & The Violators, Guadalupe Plata edo The Weapons igaroko dira bertatik, aretoko arduradunek jakinarazi dutenez.

Hasteko, larunbat hoetan, abuztuaren 16an, Bilboko bi talde arituko dira: Horn of the Rhino eta The Wizards. Horn Of The Rhino disko berria aurkezten izango da: "Summoning Deliverance" (Doomentia Records). Bira berriko lehenengo emanaldia izango da. Doom, metal eta stoner moduko estiloak jorratzen ditu taldeak.

The Wizards talde gaztea da, Bilbo eta inguruko rock eszenako hainbat taldetan aritu diren taldekideak musikaren munduan eskarmentua duten arren. Beren abestiak 1970eko hamarkadako metal doinuetan islatzen dira, garai hartako punk ukituarekin. Energiaz eta indarrez beteriko abestiak sortzen dituzte.

Abuztuaren 18an inguruko beste bi taldek joko dute: Radio Crimen erta Rat-Zinger. Egungo Bizkaiko punk eszenan guztiz nabarmentzen ari den taldea da Radio Crimen. Punk musika oinarri hartuta kaleko istoriak kontatzen dituzte, doinu ilun eta malenkoniatsuekin. Taldearen buru eta abeslaria Txarly Usher (Los Carniceros del Norte) da, Bilboko punk eta afterpunk giroetan izen esanguratsua. Bigarren diskoa izango dena prestatzen ari dira.

2009an Bilbon sortuak, Rat-Zinger talde ezagunetan ibilitako lagunek osatzen dute, besteak beste, Anarko, Pilt, Suzio Sistema edo Zer Bizio taldeetan aritutakoek. Punk estiloa hardcore doinuekin uztartzen dute, betiere rock'n'rolla oinarri gisa hartuta. Eskorbuto edo Cicatriz moduko taldeen eragina azaltzen da bere musikan, bai eta Exploited eta Motörhead moduko taldeenganako duten miresmena.

Abuztuaren 19an Leon Benaventeren eta Yellow Big Machine taldearen txanda izango da. Nacho Vegas kantariaren musikariek osatzen dute Leon Benavente, eta dibertimendu moduan hasi zuten taldea gaur egun estatuan egiten den rock eszena berriko talderik esanguratsuena bilakatu da. "Todos contra todos" (Marxophone 2013) da taldearen azken diskoa.

Yellow Big Machine talde bizkaitarra bere lan berria den "Here Comes The Big Fun" aurkezten izango da Kafe Antzokian. Taldeak 1990eko hamarkadan iltzatutako rock independentea jorratzen du, noise rock eta indie pop estiloen artean.

THE BLACK LIPS

Abuztuaren 20an The Black Lips eta Moon Shakers taldeak arituko dira. Atlantako (AEB) The Black Lips taldea lehen aldiz izango da Bilbon, oraingoan "Underneath The Rainbow" (Vice 2014) diskoa aurkezten. Bere kantuetan pop bizia eta rock'n'roll alaia antzematen dira. Zuzenean talde guztiz dibertigarria da eta rock'n'roll doinu dantzagarriak jotzen ditu.

Neskez osaturiko talde alaia dira Moon Shakers, eta Bilbo eta Getxo artean banatzen dira taldekideak. Duela hiru urte hasi ziren jotzen eta euren abestietan rockaren freskotasuna da gehien nabarmentzen dena.

Abuztuaren 21ean Lisa & The Lips eta Los Brazos taldeen txanda izango da. The Bellrays taldeko abeslari Lisa Kekaula bere talde berriarekin agertuko da: Lisa and The Lips. Kekaularen soul amerikarreko arima inguruko musikariekin nahastu du, eta emaitza "soularen nazioartekotzea" izan da.

Los Brazos hirukotea Getxotik dator. Izena Gov't Mule taldearen "Broke down on The Brazos" abestitik hartu dute, AEBetako hegoaldeko rockaren zaporea islatzeko asmoz.

Abuztuaren 22an Kurt Vile & The Violators taldea eta Mick Turner musikaria izango dira Kafe Antzokian. Kurt Vile AEBetako musikaria da, The War on Drugs taldeko kide ohia. Gaur egun The Violators taldearekin batera jotzen du, Pavement, Bruce Springsteen, Neil Young, Tom Petty eta John Fahey bezalako artisten eragin nabarmenarekin.

Mick Turner, berriz, Australiako Dirty Three talde ospetsuaren gitarrista da. 1992an sortu zuten taldea Warren Elliot (biolina), Jim White (bateria jolea) eta Turnerrek berak.

Bukatzeko, abuztuaren 23an Guadalupe Plata eta The Weapons taldeek amaituko dute Aste Nagusiko kontzertuek egitaraua. Guadalupe Plata Andaluziako taldea psycobilly-blues-rock zikin eta iluna egiten du, Hound Dog Taylor, Billy Childish eta Captain Beefheart talde klasikoen soinuetan oinarrituta. Hainbat sari jaso ditu: berriki Impala saria jaso du urteko disko independenterik hoberenagatik, eta 'Ruta 66' aldizkariak disko eta zuzenekorik hoberena izendatu ditu.

The Weapons taldea Bilbon sortu zen hirukote moduan baina gaur egun laukote bilakatu da. Neorockabilly eta psychobilly estiloak jorratzen ditu eta taldekideen artean Los Temblores, The Boogie Punkers edo Juke Box Racket moduko taldeetan aritutako lagunak daude.