Lezon atzemandako droga PMMA dela zehaztu du Ertzaintzaren laborategiak

Actualizado: jueves, 23 julio 2015 12:26

DONOSTIA, 23 (EUROPA PRESS)

   Ertzaintzaren Polizia Zientifikoko Unitateko droga laborategiek jakinarazi dute Lezoko (Gipuzkoa) etxebizitza batean konfiskatutako pilulek PMMA izenez ezagututako sustantzia zeukatela. Ertzaintzak ohartarazi du droga "guztiz arriskutsua" dela eta Europan hainbat heriotza eragin dituela dagoeneko.

   Joan den uztailaren 10ean antzeman zuten droga, Lezon, etxebizitza batean gazte bat hil ondoren. SOS Deiak zerbitzuaren oharra jaso ondoren, Ertzaintza eta larrialdi zerbitzuak bertara joan ziren, jakinarazpenaren arabera, hango etxebizitza batean gizon bat larri baitzegoen. Osasun langileak biktima suspertzen saiatu ziren arren, azkenean, 34 urteko gizon hura hil egin zen. Une honetan haren autopsiaren emaitzen zain jarraitzen dute oraindik.

   Etxebizitzan, kilo erdi haxix, 200 gramo kokaina eta arrosa koloreko Superman "S" markako 239 pilula atzeman zituen Ertzaintzak. Horrez gain, agenteek jaurtigairik gabeko pistola bat, doitasun balantza bat eta dirua ere topatu zituzten.

   Ikertzaileek pilulen osagai nagusia PMMA izan zitekeela susmatzen zuten. Europan hainbat heriotza eragin dituen substantzia arriskutsu bat da, eta laborategira eraman zuten, han azter zezaten. Ertzaintzaren Polizia Zientifikoko Unitateko droga laborategiek azterketa kimikoak egin ondoren baieztatu dutenez, pilulen osagai nagusia PMMA da, uste zen moduan.

   Oraingoz, biktimaren hilotzari egindako autopsiaren emaitzen zain daude, heriotzaren kausak ziurtasun osoz ezagutzeko, baita heriotza pilulekin lotura al duen egiaztatzeko ere. Ikerketak badu beste ardatz bat; hain zuzen, merkantziaren jatorria zein zen eta non saldu behar zuten jakitea. Antza denez, droga herriko jaien karietara sortzen diren merkatu beltzean saltzeko asmoa zuten.

ALERTA MEZUA

   Ertzaintzaren laborategiek alerta mezua igorri zuten joan den apirilean, orduan agertu baitziren Euskadin PMMA zuten lehen pilulak. Santurtziko Udaltzaingoak konfiskatu eta laborategiek PMMA zutela egiaztatu zuten. Horiek horrela, Ertzaintzak gaiaren inguruan ohartarazi zuen.

   PMMA pilulatan banatu eta mugitzen dute. Ohikoa da pilulek Supermanen "S" logotipoa edukitzea bi aldeetan. Hiruki formakoak dira, arrosa kolorekoak edo laranjak (hala ere, baliteke bestelakoak izatea) eta "estasia" balitz bezala saltzen dira.

   Ertzaintzak balizko kontsumitzaileei gogorarazi die PMMA oso toxikoa dela eta, Europako hainbat herrialdetan hainbatetan gertatu bezala, baita hilgarria ere.