Literatur serieetan protagonistek duten lekuaz ariko dira Lorenzo Silvak eta Jose Maria Guelbenzuk Bilbon

Lorenzo Silva idazlea
Foto: Europa Press
Actualizado: viernes, 17 abril 2015 15:36

BILBO, 17 (EUROPA PRESS)

   Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatzen duen "Eztabaidak Literaturarekin" ekimenak Lorenzo Silva eta Jose Maria Guelbenzu idazleen arteko solasaldia aurkeztuko du datorren asteartean, apirilaren 21ean. Bertan, euren polizia eleberrietako serieetan protagonistek pixkanaka hartzen duten lekuari buruz egingo dute berba.

   "Cuando el detective literario vigila a su autor" izenburupean, bi idazleak, irakurleak protagonisten inguruan itxaroten duena edo eleberriaren garapenean protagonistek idazlea zein puntutaraino baldintzatzen duten aztertzen ahaleginduko dira.

   "Eztabaidak literaturarekin" programa hilero egiten da, asteartez, arratsaldeko 19:30ean, Bidebarrietako liburutegiko ekitaldi aretoko eszenatokian. Bertan, espezializatutako kazetari bat ekitaldiaren aurkezle eta gidari gisa aritzen da, eta hurrengo saioan César Coca izango da.

   Hilabete honetan, "Eztabaidak Literaturarekin" ekimenak, eurak sortu dituzten eta polizia eleberriz osatutako serieetan protagonista izaten jarraitu duten pertsonaien ondorioz ezagunak diren idazle bi bilduko ditu: Bevilacqua eta Chamorro guardia zibilak Lorenzo Silvaren kasuan eta Mariana de Marco epailea José María de Guelbenzuren kasuan.

   Topaketa berri honetan, gonbidatutako egileek ahalegina egingo dute aztertzeko zein punturaino diren euren protagonisten gatibu eta protagonista horiek erabili beharrak idazlearen askatasuna mugatzen duen ala ez. Horrez gain, pertsonaia horiek zelan eraikitzen diren eta denboran irautea zelan lortzen den ere aztertuko dute, idazteko orduan serieak dituen irakurle finkoengan ala irakurle berriengan edo euren liburuak batzuetan bakarrik irakurtzen dituztenengan pentsatzen duten.