Llano kaletik ikusteko moduan utziko du Munoa finka jatorrizkoaren imitaziozko burdina hesi batek

Llano
BARAKALDOKO UDALA
Publicado: lunes, 12 marzo 2018 13:29

BILBO, 12 Mar. (EUROPA PRESS) -

Ondare historikoari balioa emango dioten hainbat eraberritze-lan abiaraziko ditu aurten Barakaldok. Zehazki, Eusko Jaurlaritzak duela urtebete Monumentu Multzo izendatutako Munoa finka hobetzekoak. astelehen honetan hasi da lehenengo jarduketetako bat, Llano kaleko harresia botaz. Haren ordez, jatorrizkoak imitatzen dituen hesia eta ateak jarriko dira.

Horixe da barakaldarren lehenengo Partaidetzazko Aurrekontuen bidez aukeratutako proiektuetako bat, Ezkerraldeko Udalak ohartarazi duenez. 163.857,29 euroko inbertsioa egingo da horretarako. Astelehen honetako goizean hasi dira lanean makinak. "Barrualdera bota dute harresia, Llano kaleko trafiko gurpildunari eragozpenik ez eragiteko", zehaztu du Udalak, lanek aste osoa iraungo dutela esan duena. Ondoren jarriko da hesia, "Munoa finkarako propio egina". "Monumentu Multzo denez Horacio Echebarrietaren jatorrizko ate-hesiak zituen diseinu berbera errespetatu behar da" esan du Barakaldoko alkate Amaia del Campok.

Hesi egin berria Llano kalean jarriko da. Munoa finka inguratzen duen beste harresi guztia jatorrizkoa da, eta "Monumentu Multzo izendatua izan denez, bere horretan utzi beharra dago". Llano kaleko jatorrizko harresiak 0.75 metroko altuera du, eta hori ere errespetatuko da, bertan bermatu eta ainguratuko baita hesi berria.

Hormaren ondoan dauden Llano kaletik finkara sartzeko ateak ere kendu, eta hesiaren eredu bereko burdinazkoak jarriko dira; horiek ere jatorrizkoaren imitaziozkoak. "Zeharo aldatuko dute lanok Munoa finkaz herritarren gozatzeko modua. Gure altxorra begi bistan izango da metrotik irten eta berehala. Horrela, ez dute barakaldarrek soilik altxorraz gozatuko, baizik eta bisitan datozkigunek ere" nabarmendu du alkateak.

PARTAIDETZAZKO AURREKONTUA

Munoa Finkako erabilera publikoa sustatzea izan zen boto gehien jaso zituen hirugarren proposamena, udal aurrekontuetako 1.100.000 euro herritarrek zertan erabili erabakitzeko egin zen lehen prozesu parte-hartzailean. Aukera horren barruan, bazeuden herritarren beste proposamen batzuk ere, hala nola kultur jaialdia eta umeentzako jaialdi bat egitea (Munoa Bizi egitasmoan gauzatu zirenak), eta Munoa parkeko ikusgarritasuna horma eraitsiz hobetzea.

Horretaz gainera, aurten Munoa finkako jauregiko teilatua eraberrituko du Udalak. 500.000 euroan baloratu da une honetan lizitazio prozesuan (eskaintzak jasotzeko fasean) den obraren inbertsioa.