Lore sortadun dama izango da gaurko protagonista Bilboko Berreginen Museoan

Lore sortadun damaren berregina
BILBOKO BERREGINEN MUSEOA

BILBO, 24 Abr. (EUROPA PRESS) -

Lore sortadun dama izango da Bilboko Berreginen Museoaren pieza garrantzitsuenak ezagutzera ematera bideratutako "Artelana bere testuinguruan" zikloaren protagonista gaur, apirilak 24, arratsaldeko 18:00etatik aurrera, museoko arduradunek jakinarazi dutenez.

Lore sortadun dama XV. mendeko erretratu iraultzaileenetako bat da. Eskultura erabat berritzailea da, ez delako bular inguruan mozten, garai hartako gainerako erretratuetan gertatzen zen bezala, eta, horrez gain, erretratuan agertzen den emakumearen eskuak ere irudikatzen dituelako. Hori ez da batere arrunta horrelako lanetan, XV. mendean zein geroagoko garaietan.

Artelanaren jatorriari buruzko hainbat teoria dago. Batzuren ustez, erretratua Medicitarren enkargua izan zen, eta, horren ondorioz, Lorenzo de Mediciren maite platonikoaren irudikapena izango litzateke; beste bertsio batzuen arabera, aldiz, erretratuan agertzen den emakumea Ginevra de Benci da, Medicitarren inguruko Florentziako dama garrantzitsua.

Egileari dagokionez ere zalantza asko daude, baina gehienek Verrochio XV. mendeko bigarren erdialdeko Florentziako eskulturagile garrantzitsuenak egindakoa dela uste dute. Hala ere, batzuek Leonardo da Vinciren eskua ere ikusi izan dute irudian. Leonardo da Vinci Verrochioren ikasle azpimarragarriena izan zen, eta haren tailerrean aritu zen erretratua ustez egin zen urteetan.

Lore sortadun damaren berregina une honetan Berreginen Museoan ikus daitekeen "Vía Renacimiento. Florentzia Eskultura" erakusketaren parte da. Jatorrizko lana Florentziako Museo Nazionale del Bargello museoan dago.