Luis Hueso CIC nanoGUNEko ikertzaileak Europako Ikerketa Kontseiluaren 1,3 milioi euroko beka bat jaso du

Luis Hueso doktorea
CIC NANOGUNE
Actualizado: miércoles, 2 marzo 2011 13:54

BILBO, 2 Mar. (EUROPA PRESS) -

Donostiako CIC nanoGUNEko nanogailuen taldeko burua den Luis Hueso doktoreak 1,3 milioi euroz hornitutako 'Starting Grant' deritzon izen handiko ikerketa zientifikoko beka eskuratu du. Europako Ikerketa Kontseiluak ezagutzaren mugan dauden ideia berritzaile eta "arriskatuei" eta epe luzera begira garapen eta aplikazio iraultzaileak eragin ditzaketenei ematen die beka hau.

Beka honek ikerketa-ideia berritzaile beraren nobedadea saritzen du eta ematerako garaian lider zientifikoaren curriculuma baloratzen da, zentroak dituen baliabide teknologikoen eskuragarritasunarekin batera. Luis Huesok adierazi duen bezala, ezingo litzateke aurreikusitako ikerketa burutu, nanoGUNEk eskuratu dituen azpiegitura eta ekipamendu konplexuak eta ikerketa arloko diziplina anitzeko ekipo bikainak ez balitu.

SPINTROS "Spin Transport in Organic Semiconductors" (Erdieroale Organikotan Espinaren Garraioa) izenaren akronimoa da Luis Huesoren proiektua deitzeko modua. Berebiziko helburu du agortzear egon daitekeen silizioan oinarritutako egungo sistemen aurrean benetako iraultza ekar dezaketen gailu elektroniko berriak egin ahal izateko material eta funtzionaltasun ezezagunak esploratzea.

nanoGUNEn burutuko den proiektu honek molekula bakarreko eskala nanometrikoan egindako gailu elektronikoen diseinu, fabrikazio eta azterketa ditu lan ardatz. Horrela, Luis Huesok adierazi duen bezala, "elementu funtzionala molekula bakarra duten gailu elektronikoak fabrikatzeko erronka dugu aurrean".

"Hainbat arazo tekniko, zein zientifiko konpondu behar ditugu, nola konektatzen den molekula hari eroale batera, adibidez, baina gaur egun eskuraezinak diren aplikazioetara atea ireki dezake, hala nola, espintronika, edota konputazio kuantikoa", gaineratu du.

SPINTROS proiektuarekin elektronikan aplikatzeko alternatiba bideragarria aurreratu eta ulertzeko helburua planteatzen da, alor honetan garai berriak irekiz.

"Starting Grant" bekak ematen dituen "Ideas" programa europarra programa lehiakorra da oso, eta ondorioz, etorkizunean ikerketa eta garapen ildo berriak sortzea ahalbidetuko duten ezagutzarako bide berriak dakartzaten ikerketa proiektu berritzaile eta arriskatuak bakarrik aurkezten dira. Proposamenak bikaintasun zientifikoko parametrotan ebaluatzen dira eta eskakizunen %90 gutxi gorabehera errefusatzen da. 2010eko deialdian nanoGuneko bi ikertzailek lortu dute beka.

Luis Huesok azpimarratu duen bezala, laguntza hauek "oso garrantzitsuak" dira, ezagutzaren mugan ezartzen diren proiektu arriskatuak bermatzen dituztelako. Mota honetako proiektuak oso zailak dira beste modu batean finantzatzen, baina berebizikoa da enpresen etorkizuneko lehiakortasuna mantendu behar duen teknologiaren garapena bermatzeko.

BIGARREN URTEMUGA

Jose Mª Pitarke nanoGUNEko zuzendari nagusiak baloratu duen bezala, urte berean bi 'Starting Grant' beka lortzea, "gure ikertzaileen bikaintasunari nazioarteko aintzatespena da, eta, aldi berean, zentroak daramatzan bi urteotako ibilbidean nanoGUNEn egin dugun lanari".

Pitarkek nabarmendu duenez, nanoGUNEko giza taldearen kalitateari esker, "asmo handiko erronkei aurre egitea ahalbidetzen diguten baliabideak sortzen ari gara eta Euskal Herriko nanozientzian ikerketari babes handia dira gainera".

CIC nanoGUNEk inguruko eta nazioarteko esferako eragile guztien arteko elkarlana sustatzeko eremu eraginkorra bilatu nahi du, Euskal Herria nazioarteko erreferente eta nanozientzia eta nanoteknologian erakarpen polo gisa kokatzea ahalbidetuz, diziplina hauen aldeko apustua egiten ari dira punta-puntako eta noizbait izateko asmoa duten herrialdeak.

Bi 'Starting Grant' bekek ikertzaile taldea handitzea ere ahalbidetuko dute, bere garapenerako langile gehiago behar direlako eta, horretarako, jada irekita dago ikertzaile berriak bilatzeko aukeraketa prozesua.

CIC nanoGUNE nanozientzia eta nanoteknologian bikaintasunezko diziplina anitzeko zentro gisa jaio zen, maila globaleko helburuei begira eta Euskadiren garapen lehiakorra babestera bideratuta. Nanozientzia eta nanoteknologiako zenbait arlotan bikaintasun gaitasunen ekarpenerako eremu eraginkorra eratzea bilatzen du, baita agenteen jarduerak koordinatzea ere, bikoiztasunak ekidinez, baliabideak optimizatuz eta masa kritikoak gehituz.

Gaur egun, bost ikerketa talde daude nanoGUNEN lanean eta jada ildo berriak gehitzen ari dira. Luis Huesoren nanogailuen taldeaz gain, nanooptika, nanomagnetismoa, automihiztaketa, nanobioteknologia eta mikroskopia aurreratuko laborategia daude bertan. Nanooptika taldeak, 1,5 milioirekin 'Starting Grant' beka ere eskuratzea lortu duen Rainer Hillebrand du buru.

ESPINTRONIKA

Espintronika elektroiaren espina esploratzea xede duen elektronikaren atal bat da. CMOS "Complementary Metal Oxide Semiconductor" garaiaren ondorengo elektronikan berebiziko papera izango du (2020tik aurrera), nahiz eta oraindik alor askotan bere gaitasuna frogatu behar duen. Bereziki garrantzitsua da espinaren bide luzeko garraioa eta manipulazioa.

Gaur egun, fabrikatzen diren zirkuitu integratuen gehiengoak CMOS teknologia erabiltzen du. Honek mikroprozesagailuak, memoriak, seinaleen prozesatzaile digitalak eta beste zirkuitu integratu mota asko ditu bere baitan. Baina bere garapenak muga dauka eta hortxe uste dute espintronikak aurrerapen garrantzitsuak ekar ditzakeela.

Egun, jada ezagutzen dira aplikazio elektronikoetako guneetan (OLED pantailak) eta eguzki zelulatan agertzen diren zenbait erdieroale organiko (OS). Erdieroale organiko hauek espinaren garraio eta kontrolerako egokiak egiten dituzten ezaugarriak dauzkate, baina oraindik urrun gaude aplikazioetan pentsatzeko beharrezkoak diren ezagutzak izatetik. Etorkizunean, lan jakin batzuetara bideratutako txipek beren funtzionamendua elektroien espinetan oinarrituko dutela uste da, karga elektrikoan beharrean, gaur egun gertatzen den bezala.

Luis Huesoren proiektuak oinarrizko ezagutzak ekarriko ditu nanoegituretan espinaren garraioaren inguruan. Era berean, CMOSen ondorengo garaiko gailuak egiteko bide berrietan aurrera egingo dela pentsatzen da. Luis Hueso erdieroale organikoetan espinaren garraioa ezagutu eta kontrolatzen saiatuko da, etorkizunean espintronika saltzeko gailu elektronikoetan erabiltzea ahalbidetzeko asmoarekin.

LUIS HUESO

Luis Huesok Compostelako Unibertsitatean (Galizia) eskuratu zuen bere doktoretza, oxido magnetikoei buruzko lan batekin. 2002 eta 2005 artean Marie Curie bekaduna izan zen Cambridgeko Unibertsitatean eta bertan karbonozko nanohodietan zehar espinaren garraioari buruzko proiektua egin zuen.

2006an Consiglio Nazionale delle Ricerch-era (Italia) joan zen eta 2007an Leedseko Unibertsitateko irakasle izendatu zuten. 2008tik, Luis Huesok ikerketa zientifikoko jarduerak burutzen ditu, Ikerbasqueko Ikerketa Irakasle lanetan (Zientziaren Euskal Fundazioa) eta Donostiako CIC nanoGUNEko Nanogailuen taldeko burua da.