Luis Vega Gonzalez matematikariari emango diote 2012ko Euskadi Ikerketa saria

Actualizado: miércoles, 13 marzo 2013 15:04

BILBO, 13 Mar. (EUROPA PRESS) -

Luis Vega Gonzalez matematikaria da 2012ko Euskadi Ikerketa sariduna. Bost ikerlarik osatutako epaimahaiak asteazken honetan jakinarazi du erabakia, goizean zehar elkartuta egon ondoren. Aurtengo edizioan aurkeztutako 19 hautagaien artean aukeratu behar izan du epaimahaiak, eta Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak jakinarazi dio ebazpena sarituari, telefono bidez.

Luis Vega Gonzalez (Madril, 1960) Analisi Matematikoko katedraduna da gaur egun Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU). 1982an Matematiketan lizentziatu zen Madrilgo Unibertsitate Konplutensean, eta 1988an doktoretza lortu zuen Madrilgo Unibertsitate Autonomoan (UAM). Chicagoko Unibertsitatean bi urte egin ondoren, UAMera itzuli zen, eta 1993az geroztik dago EHUn; 1995etik bertako katedradun da.

Gaur egun, Luis Vega mundu guztian da ezaguna deribatu partzialen ekuazioei buruzko lanengatik, bai eta Fourier-en analisiei buruzkoengatik ere. Vega irakasleak mundu mailako ikerketa talde bat sortu zuen EHUn, matematiken bikaintasunean diharduena. Horrela, EHU munduko lehen 150 unibertsitateen artean kokatu du diziplina honetan.

Epaimahiak Luis Vega Gonzalezek deribatu partzialen ekuazioen ikerketan egindako lana nabarmendu du. Bere ekarpen zientifikoen kalitatea eta sakontasuna ere azpimarratu ditu, bai eta matematiken arlo garrantzitsu honetan hark egindako lanak izan duen eragina ere.

Vega irakaslearen lanak nazioarteko oihartzun zabala izan du eta euskal matematikak ikusgarri egin ditu munduko erakusleihoan. Bere ekarpen zientifikoez gain, Euskadiko matematikan ere eragin handia izan du. Nazioarte mailako ikerketa talde bat sortu du EHUn, eta doktoregaien prestakuntzan ere lan esanguratsua ari da egiten.