Luisa Etxenike idazle donostiarrak "Irakurketa Txokoa" zikloan parte hartuko du bihar Bilbon

Biharko saioko kartela
BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Actualizado: miércoles, 30 marzo 2011 19:32

BILBO, 30 Mar. (EUROPA PRESS) -

Luisa Etxenike (Donostia, 1957) idazlea izango da bihar "Irakurketa Txokoa" zikloaren protagonista, arratsaldeko 19:00etan, Foru Liburutegian, Bilbon. Alex Oviedo izango da moderatzailea. Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailak antolatzen du jarduera hau, urtea amaitu arte, eta hilean behin saio bat eskaintzen du txandaka, behin euskaraz eta hurrengoan gaztelaniaz.

Irakurketa talde horien bidez, irakurketan interesatuta dauden eta esperientziak, sentsazioak eta pentsamenduak komunikatzeko gogoa duten pertsonak biltzen dira. Horrela, zikloa idazle eta irakurleen arteko topaleku bilakatu da. Parte hartzen duten egileek beren azken lana edo idatzi edo irakurri dituztenen artean gogokoena komentatzen dute, entzuleak beren gogoeten partaide eginez.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, oraingoan, Luisa Etxenikek bere "El relato en la mirada de Ignacio Aldecoa" liburua aukeratu bere lanaz hitz egiteko. Gaztelaniaz izango da hitzaldia.

Idazle donostiarraren lanen artean daude, besteak beste, "El ángulo ciego" (2009ko Euskadi Saria), "Los peces negros", "Vino", "El mal más grave" eta "Efectos secundarios", eta "Ejercicios de duelo" eta "La historia de amor de Margarita Maura" bildumak.

Datozen hiletan, hainbat lagun izango dira topaketan, hala nola Anjel Lertxundi, Inazio Mujika, Francisco Javier Irazoki, Eider Rodriguez, Maria Maizkurrena Eli Tolaretxipi eta, zikloa bukatzeko, azaroan, Bernardo Atxaga.