Luisa Etxenike idazlea eta Nicola Molinero zientzialaria bilduko ditu Bilbon "Eztabaidak literatuarekin" zikloak

BILBO, 2 (EUROPA PRESS)

   Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatzen duen "Eztabaidak literaturarekin" ekimenak Luisa Etxenike idazlearen eta Nicola Molinaro zientzialariaren arteko solasaldia eskainiko du astearte honetan, ekainaren 2an, Bidebarrieta Kulturgunean. Literaturaren eta neurozientziaren arteko harremanari buruz hitz egingo dute, 19:30etik aurrera -sarrera librea-, eta "Arte, literatura y ciencia" blogaren egilea den Gustavo A. Schwartz zientzialari argentinarrak moderatuko du saioa.

   Antolatzaileek adierazi dutenez, maitasuna, edertasuna edo gorrotoa bezalako buruko egoeren gainean literaturan egiten diren erretratuak oso indartsuak izan daitezke. Topaketa honetan, neurozientzialariek eta idazleek burmuinean eta paper gainean lehen mailako instintoen irudikapen horri buruz eskaintzen dituzten argudioak azalduko zaizkie bertaratutakoei.

   Luisa Etxenikek (Donostia, 1957) "El detective de sonidos" (2011), "El ángulo ciego" (Euskadi Saria 2009), "Los peces negros" (2005), "Vino" (2000), "El mal más grave" (1997) eta "Efectos secundarios" (1996) eleberriak, eta "Ejercicios de duelo" (2001) eta "La historia de amor de Margarita Maura" (1990) kontakizun bildumak argitaratu ditu. Gainera, bere kontakizunak hainbat antologiatan jaso dira.

   Duela zenbait urtetik idazketa sortzaileko tailer bat zuzentzen du, eta "Un mundo de escritoras" izeneko literatur jaialdiaren zuzendaria da. Horrez gain, ohiko kolaboratzailea da idatzizko prentsan eta irratian, eta kulturari eta pentsamenduari buruzko 'Grand Place' aldizkariaren erredakzio kontseiluko kide da. 2007an, Arteen eta Letren Ordenaren Zaldun aintzatespena jaso zuen Frantziako Gobernuaren aldetik, eta 2013an Donostiako Udalak Herritarren Merituaren Domina eman zion.

NOLA MOLINERO

   Nicola Molinaro italiarrari dagokionez, Basque Center on Cognition, Brain and Language (Ezagutzaren, Burmuinaren eta Hizkuntzaren Euskal Zentroa) delakoan aritzen den zientzialari kognitiboa da. Artikulu asko argitaratu ditu argitalpen espezializatuetan eta zientifikoetan.

   Duela denbora gutxi, literaturari, oximoronari eta neurozientziari buruzko azterlan bat zuzendu du, irudi erretorikoek burmuinaren jarduketa estimulatzeko duten gaitasun iradokitzailean oinarrituta. Emaitzek erakusten dutenez, gure jarduera zuzentzen duen organo horrek era desberdinean erreakzionatzen du literaturako zenbait adierazpenen eta irudiren aurrean.

   "Eztabaidak literaturarekin" 2007ko urtarrilean martxan jarri zenetik, 240 egile inguruk hartu dute parte eta 8.000 pertsona baino gehiago bertaratu dira. Denbora honetan, Bidebarrietako liburutegiko ekitaldi aretoak hainbat idazle bikoteren arteko elkarrizketak jaso ditu, hala nola Ana María Moix eta Luisa Etxenike, Alfonso Sastre eta Carlos Gil, Luis Eduardo Aute eta Ruper Ordorika, Juan Manuel De Prada eta Aizpea Goenaga, Juan Bas eta Juan Madrid, Fernando Marías eta Toti Martínez de Lezea, María Dueñas eta Lorenzo Silva, Alberto Vázquez-Figueroa eta Almudena Arteaga, Jordi Esteva eta Rosa Regás edo Juan José Millás eta Pedro Ugarte.